2019ko urritik iragartzen ari diren administrazioan euskararen erabileraren inguruko dekretuaz, 2021an ez da berritasun handirik izan. "Laster" helduko dela araua esan du aurten Maria Txibitek.
Aurtengoa da gobernuaren erabakia: ez dute euskararen ezagutza baloratuko eremu ez euskaldunean. Euskararen Legearen araberako eremu euskaldunean eta mistoan baloratuko dute soilik euskara, lan eskaintza publikoetan. PSN eta Geroa Bairen tirabiren ostean, eremu mistoan ñabardurekin, gainera. Bitartean lan eskaintza publikoak bata bestearen atzetik ateratzen ari dira, zeinetan euskararen balorazioa ez den egiten ari.
Kontratu Publikoen Legeak enpresei euskara planik ez eskatzea adostu dute aurten Navarra Sumak eta PSNk. Baina Euskararen bigarren plan estrategikoa onartzerako bidean da.
Euskararen aldeko aldarria, bizirik
35 urte dira, bereizkeria linguistikoa legezkoa dela. Hiru eremutan banatzen du legeak Nafarroa, bizilekuaren arabera hizkuntza eskubide bat edo beste duten nafarrek. 35 urte igaro dira, baina aurkako aldarria bizirik dago.
Azken ikasturte honetan Mendigorriako familiek haurrak D ereduan matrikulatzeko aukera izan dute, gurasoek egindako borrokaren ondorio. Urtarrilean lortu zuten. Ageren, berriz, Hordago! egitasmoa sortu dute herritarrek, Cortesko adierazpena aurkeztu ondoren.
NUPen euskara "eskatzetik exijitzera" jauzi egin dute ikasleek, ez dute onartuko Nafarroako Unibertsitate publikoak ikasle euskaldunen eskubideak ez errespetatzea.
Iruñerrian haur eskolen borroka ez da amaitu. Iruñean diren 16 haur eskoletatik bakar batek du euskarazko eredua eta beste hirutan beste hizkuntzekin nahastuta dago.
Iruñerriko lehenengo Mintzodromoa aurten egin da. Barrura begira ere jarri da euskalgintza aurten gure hirian, ‘Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak’ jardunaldiak antolatu ditu Topaguneak, euskararen indarberritze prozesuarekiko enpatiko izateko diskurtsoaz hausnartzeko.
Eta datorren urtean ere izanen da euskarari lotutakorik. Korrika eta Euskaraldia izanen dira 2022ean.