EUSKARA

Jabi Arakama: "Arazo politiko larria da, eta borondate politikoa dago zentroan"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko urr. 6a, 09:46

Nafarroako Gobernuak "huts" egin du erizaintzako lan eskaintza publikoan eremu mistoan euskara aintzat ez hartzean, Geroa Bairen ustez. 2011ko foru aginduari zuzenketa txiki bat egitea proposatu dio exekutiboari, eta "diskriminazioak konponduko dituen dekretua behingoz" onartzea.

Nafarroako Gobernuak erizaintzako lan eskaintza publikoa argitaratu zuenetik, eremu mistoan administrazioko postuetan euskara meritu izan dadin eskaintza aldatzeko eskatu du Geroa Baik. Publikoki. Eta horrek tentsioa areagotu du gobernu barruan. PSNk gobernuaren jarrera goraipatu du, eta haren gobernukideek izandakoa kritikatu du. Hizkuntza eztabaida politikora ekartzea egotzi dio Geroa Bai-ri PSNko Inma Juriok. Hari erantzunez, herritarren beharrak eta eztabaida politikoak eskutik lotuta daudela ekarri du gogora Jabi Arakamak, Euskalerria Irratian.

Lan eskaintza publikoan egindako "akatsa" gainditzeko, UPNk onartutako 2011ko foru aginduari zuzenketa txiki bat proposatu dio Geroa Baik gobernuari. Arartekoak ere proposatu du irtenbidea, baina gobernuak ez badu egin "borondate politikoarengatik" izan dela uste dute. Gobernuak dio legea betetzen ari dela, eta euskararen dekretu berriarekin zuzenduko direla halako egoerak.

Auzitegiek laukoak onartutako dekretuaren zati bat, euskara administrazioko lanpostuetarako aintzat hartzeko aukera, bertan behera utzi ondoren, ari da gobernua berria idazten. 2019ko azaroan aurkeztuko zela iragarri zuten, baina oraindik ez du egin. Alderdien artean eremu ez euskaldunean euskara aintzat hartzeari buruz zituzten desadostasunak gaindituta, - meritu ez izatea adostu zuten - orain onartzea falta zaie. Javier Remirez kontseilariak aurki aurkeztuko dutela adierazi zuen atzo. 

Dena den, parlamentarian hitzetan, desadostasunak ez du etorkizuneko negoziaziorik baldintzatuko.

Bihar kontrol saioa dago Nafarroako Parlamentuan, eta Geroa Baik galdera eginen dio gaiari buruz Javier Remirez presidenteordeari. Jabi Arakama parlamentariak eginen du zehazki. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!