Agurne Gaubeka: “Berri ona da; baina eskaria lehenetsi dute, ez eskubidea”

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 29a, 11:16

Mendigorriako familiek haurrak D ereduan matrikulatzeko aukera izanen dute datorren ikasturtean. Familiek Hizkuntz Eskubideen Behatokia izan dute alboan urtebete iraun duen borrokan. Behatokiko zuzendariarekin mintzatu da Euskalerria Irratia. Hezkuntza mapa herritarren eskubideen arabera aldatu beharko litzatekeela uste du Gaubekak: "Hezkuntza mapa baldintza da orain eskubideak egikaritzeko, euskaraz ikasteko, kasu honetan". 

2021-2022 ikasturterako euskarazko eskaintza izango du Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoak. Hala jakin zuten Mendigorrian D eredua guraso taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak atzo Nafarroako Hezkuntza Departamenduko arduradunekin egindako bileran. "Urrats garrantzitsua" dela adierazi du Behatokiko buruak Euskalerria Irratian, aurrematrikulazio garaian haurren eskubidea egikaritzeko aukera izango dutelako. Baina ohartarazi dute "zalantza eta korapilo" asko daudela argitzeke, Nafarroako Gobernuak irizpideak ezarri gabe jarraitzen duelako. Egoera lehenbailehen konpondu dadin eskatu du.

Mendigorriko haurrek urteak daramatzate egunero autobusa hartu eta Gareseko ikastetxera joaten euskaraz ikasi ahal izateko. Behatokiak zehaztu duenez, 12 urtetik beherako eskolaratutako haurren %35-45 herritik kanpo joaten da D ereduan ikasteko.

Gurasoen eta Behatokiaren zalantza guztiak ez dira argitu, ordea. Hala dio Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak: "Nafarroan legeak ezarritako eremu misto zein ez euskalduneko hainbat herritara estrapolatu daiteke Mendigorriko kasua. Bada, herri horietako gurasoek ez dakite ongi zein prozedura eta baldintza bete beharko dituzten euren herrietako eskoletan D eredua ireki ahal izateko". Horregatik, irizpideak eta baldintzak argitzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko aukera bermatu dezan; gaztelaniazko murgiltze ereduarekin gertatzen den gisan. D ereduen irekierak Nafarroako herritar guztien berdintasuna, kohesioa eta eskubideen bermerako pauso sendoa izan daitezke.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!