Askotan errepikatu izan dugu hizkuntzak objektuak direla, eta beraz, hizkuntzei ez zaiela eskubiderik urratzen. Aitzitik, eskubideen jabe herritarrak direla berretsi izan dugu. Eta, ondorioz, egun Nafarroan gertatzen diren bidegabekerien objektua herritarrak direla, hau da, nafarrak diskriminatzen dira, milaka nafar bihurtzen da bigarren mailako herritar, etab.
Berriki, Nafarroako hegoaldeko muturrean aurkeztutako Hordago ekimenak ere herritarrak ekarri ditu erdigunera. Herritarrak bihurtu ditu bereizkeriaren bozgorailu, urte luzez eskubidez gabeturik egon diren milaka herritarren izenean hitz egin dute.
Baina herritar horiek ekiteari erabaki dute, bai eta behetik gora ekiteari ere, nondik eta Nafarroako eremu diskriminatuenetik. Eta, horrela, hordago jo dute handira, txikira, parretan eta jokoan. Izan ere, unea iritsi da hordagoak jotzeko. Karta onak daude orain jokoan aritzeko.
Ea, bada, behingoz, zonifikazioaren jokoa irabazi, eta herritarren arteko berdintasuna lortzen dugun. Kuraia on, lagunok, geu ere joko-lagun izango gaituzue.