Nafarroako Kontratu Publikoen Legean aldaketa bat egitea adostu dute Navarra Sumak eta PSNk. Testu berriak ez ditu enpresak euskara planak izatera behartuko. Aurreko legegintzaldian onartu zuen euskara planak eskatzeko neurria laukoak, eta atzera botako dute orain. Sektore publikotik kanpoko baina administraziorako lan egiten duten enpresei eragingo die.
Navarra Sumaren zuzenketa izan da hamabosgarren xedapen gehigarria ezabatzea ezarri duena, 2/2018 Foru Legea onartu aurreko egoerara itzultzeko. PSNk alde bozkatu du, eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta I-Ek kontra.
Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordeak asteazken honetan onartu du Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea aldatzeko proposamenari buruzko irizpena. Testu horrek bigarrenez eguneratzen du arauaren jatorrizko idazketa, "tramitazioa arintzera, interpretazioak argitzera, betebeharrak zehaztera eta salbuespenak garbitzera" bideratutako zuzenketa teknikoetatik abiatuta.
Hizkuntza arloan, EH Bilduren bi zuzenketa baztertu dira, 64. eta 106. artikuluen idazketa argitzeko, euskara hizkuntza koofizial gisa erabiltzeari lotutako esleipen eta exekuzio irizpideak sartzeko aukera jasotze aldera, "herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko". Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, Ahal Dugu eta Ezkerra abstenitu egin dira eta Geroa Baik alde bozkatu du.