HE Gurasoak taldeak 380 instantzia edo eskari bildu ditu Iruñean zabalduko diren bi haur eskola berrietan euskarazko murgiltze eredua ezarri dadin. "Lezkairu auzo berria da, handitzen doan auzo gaztea eta aurki zabalduko da bertan haur eskola publikoa eta bestetik Mendebaldean, zaharberritze lanak egiten laster zabalduko da ere beste haur eskola bat" azaldu du Euskalerria Irratian Ainhoa Jauregi HE Gurasoak taldeko kideak, "Kontutan izanda, bi eskola hauek Iruñeko hegoaldean kokatzen direla eta egun hegoaldeko auzoetan ez dagoela euskarazko eskaintzarik, interesgarria iruditu zaigu indarra egitea eta eskari hauek egitea".
HE Gurasoak taldeak gogoratu du euskarazko murgiltze eredua Iruñeko 16 haur eskoletatik bakarrean dagoela ezarria, beste hiruetan eredu mixtoa duten bitartean. Horregatik Iruñeko Udalari eta Nafarroako hezkuntza departamentuari eskatu diote, gurasoen beharrak aintzat hartu ditzala eta berma dezatela auzo guztietan ez bada, zonalde guztietan gutxienez, euskaraz ikasteko aukera izatea. Hori aldarrikatuz, manifestazio eginen dute datorren abenduaren 16an arratsaldean Iruñeko karriketatik.