Txibiteren gobernua lan eskaintza publikoetan euskararekin egiten ari dena baztertzailea ez ezik iraingarria ere bada euskaldunontzat.
Beste alor batzuetan besterik da: euskaltegien, euskarazko hedabideen, euskara elkarteen finantzazioan, konparaziora, aurrerapauso nabarmenak eman ditu.
Baina LEPetan, UPNren gobernuak baino makurrago tratatzen ari da euskaldunak eta haien hizkuntza eskubideak.
Euskararen legearen araberako eremu ez euskaldunean ez ezik eremu mistoan ere baloratzeke uzten ari baita euskara.
Hala egin du erizaintzako 424 plazaren lan eskaintza publikoan. Eremu mistoan kokaturiko zerbitzu zentraletarako plazak direnez, deialdiak atzerriko hizkuntzak puntuatzen ditu, eta euskara, aldiz, ez.
PSNko eledun Ramon Alzorrizek egia biribila bota zuen atzo: “Oraingo hau joan den legealdian egindakoaren ondorioa da”.
Berak euskaltzaleei urrutiegi iritsi nahi izatea egotzi nahi izan zien hala, euskaldunak nafarren %25 inguru izanda foru administrazioko lanpostuen %0,98k soilik dutelarik euskara profila.
Horretan, adostasunik ez Alzorrizekin. Baina beste zentzu batean bai: zenbait eragile politikoren joan den legealdiko jokaera erabakigarria izan da egun bizi dugun egoerara iristeko.
Izan ere, joan den legealdian bai UPNk, eta baita PSNk ere, euskarafobian oinarritu zuten gobernuaren aurkako oposizio lana.
Interes politiko alderdikoi eta elektoralistak lehenetsiz, bizikidetzari bizkarra emanda, Europako Eskuin Muturrak darabilen diskurtso xenofoboa kopiatu zuten diskurtso euskarofoboa eraikitzeko.
Eta, beste behin ere, batere neutrala ez den botere judiziala baliatu zuen horretarako.
Euskararen Dekretu berriaren aurkako helegitea aurkeztu zuen UGTk. Sindikatuaren errekurtsoa PSNko bi idazkari nagusi ohik sinatu zuten: Roberto Jimenezek eta Juan Jose Lizarbek.
Hala lortu zuten UPNko gobernuek zerabilten hizkuntza politikan atzera egitea, lan eskaintza publikoei dagokienez.
Eremu ez euskaldunean bezala eremu mistoan atzerriko hizkuntzak baloratzea, eta euskara, aldiz, ez.
Gobernua sustengatzen duten taldeek erokeria politikotzat eta astakeriatzat jo dute bide horri jarraituz erizaintzako LEPean egindakoa. Eta zuzentzeko eskatu dute.
Soka noraino tenkatuko duten ikusteko dago.
PSNk indargune handi bat dauka: badaki euskararen soka tenkatzeak boto arrantza oparoa ekarriko diola UPNrekin lehiatzen dituen boto poltsetan.
Eta Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta IEk badute ahulgune handi bat: horren kontziente direla.
Joan den legealdian euskarofoboek ederki hautatu zuten hizkuntza politikaren jokoa zein joko zelaitan, araurekin eta erritmorekin jokatuko zen. Eta partida irabazi zuten.
Erran nahi baita inkesta soziolinguistikoen arabera jarrera euskarofoboek gora egin zutela. Eta nire esperientzia pertsonalen arabera euskaltzale erdaldunak ere konbentzitu zituztela, gure inguruko euskaltzale erdaldunek, D ereduko guraso askok, konparaziora, sinetsi zutela Barkosen gobernuarekin euskara jakin gabe ez zegoela foru administrazioan lanpostua lortzerik.
Horri buelta eman ahal izateko, ez ote dugun orain euskaltzaleok ongi pentsatu eta erabaki behar hizkuntza politikaren legealdi honetako partida zein joko zelaitan, araurekin eta erritmoarekin jokatuko den.
Halaber, ez ote dugun euskararen aldeko diskurtsoa birformulatu behar Nafarroan, azken urteotan Topaguneak administrazioarekiko elkarlanarekin, Kontseiluak justizia sozialarekin, edo Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek feminismoarekin egin duten bezala.