Martxan da Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Liburutegien laugarren edizioa

Iosu Ganuza Garcia 2023ko eka. 14a, 08:41

Argazkian aurreko edizioetako baten aurkezpena. Iturria: Nafarroako Gobernua

Maiatza eta ekaina bitarte hainbat tailer eskainiko dituzte Nafarroako 51 liburutegitan. Bake eta Bizikidetza arloko kide Irati Goikoetxeak azaldu du Iruñerrian Goizetik egitasmoa.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Liburutegiak programaren bitartez (programa horretan lankidetzan aritzen dira Kultura eta Kirol Departamentuko Liburutegi Zerbitzua eta Herritarrekiko Harremanen Departamentuko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzua), haur, nerabe eta helduentzako aurrez aurreko sei tailer jarri ditu berriro Nafarroako liburutegi publikoen eskura.

Tailer horiek euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean. 52 liburutegi inplikatu dira ekimenean, eta 103 saio sustatuko dituzte. 2023ko bost hilabeteetan garatuko diren tailerrek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola indarkeriarik gabeko komunikazioa, entzute aktiboa, enpatia, aniztasuna, arrazakeria, transexualitatea, identitatearekiko errespetua eta balioetan heztea alderdi artistikotik, bizipenetik eta gogoetatik.

Proposamena bat dator Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030 Agendaren ekintza-estrategiarekin 1., 2., 3., 4., 10. eta 16. helburuetan (pobreziaren amaiera, zero gosea, osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, desberdintasunak murriztea eta bakea, justizia eta erakunde sendoak, hurrenez hurren).

Programa bultzatzen duten bi zerbitzuek liburutegien erabiltzaileak animatzen dituzte Nafarroako geografia osora iritsiko diren jardueretan parte hartzera. Oraingo honetan tailerrak hartuko dituzten liburutegiak honako hauek dira:

San Adrian, Castejon, Lerin, Caparroso, Fustiñana, Iruñeko San Pedro, Monteagudo, Fitero, Milagro, Andosilla, Gares, Biblioteca de Faltzes, Arguedas, Melida, Ziordia, Iruñeko San Francisco, Mendillorri, Kaseda, Valtierra, Allo, Urdiain, Sartaguda, Lesaka, Leitza, Viana, Mendigorria, Zizur Nagusia, Azkoien, Olatz, Doneztebe, Irurtzun, Fontellas, Kortes, Iruñeko Yamaguchi, Erriberri, Alesbes, Txantrea, Noain, Agoitz, Beriain, Erronkari, Lizarraldeko Bibliobus, Arrosadia, Aranguren, Baztan, Etxabakoitz, Cabanillas, Berriozar, Mañeru, Cintruénigo, Nafarroako Liburutegiko haur-aretoa eta Mendavia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!