Ainara Tirapu (ACT): "Ez da onargarria gizon batek emakume baten gorputza erosteko aukera izatea"

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 22a

Bihar, irailaren 23an, sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketaren aurkako nazioarteko eguna da. ACT elkarteak 11:00etan Santo Domingo merkatuan ekintza berezia antolatu du,  “Stop trata” lelopean.

Sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketa normaltasunez, adostasunez eta borondatez jantzi da. Prostituzio kontsumitzaileen %97a gizonak dira eta kontsumitatutako gorputzen %92a emakumeenak dira. Prostituzio sistema hau mantentzeko emakumeak eta neskak engainatzen eta esplotatzen dituzte. Acción Contra la Trata elkarteko Ainara Tirapu Guardasola saioan izan dugu eta nabarmendu nahi izan du salerosketa desberdinkeriatik eta diskriminaziotik elikatzen dela. "Gehienetan biktimak genero, jatorri, identitate edo klaseagatik zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak izaten dira. Egoera horiek gehiago ematen dira emakumeengan eta bere bizitzak eta bere senitartekoenak hobetu nahi badituzte egoera horretan egotera behartuak ikusten dira."

ACT elkartea hasiera batean bi helburu argirekin sortu zen: Sexu hustiapena helburu duen salerosketaren gainean kontzientzia piztea eta, bestalde, harreman berdinzaleak eraikitzea eta gizartean berdinzaletasua sustaztea. Bide honetan ikusi zuten behar handia zegoela prostituzio egoeran zeuden emakumeengan, batez ere, Sahara hegoaldetik zetozenen artean. Haiengana gerturatu ziren eta beraiekin elkarlanean Las Poderosas taldea sortu dute. "Emakume talde egonkor bat sortu dugu. Haien artean konfidantzazko erlazioak sortzeko, prestakuntza tailerrak egiteko eta gaztelania ikasteko. Batez ere, artea erabili dugu ezberdinen artean ulertzeko hizkuntza unibertsala delako."

Sexu-esplotazioaren errealitatea gizartatzeaz eta hortik atera ahal izateko emakumeei baliabideak eta tresnak eskeintzeaz gain, fokua egoera hori eragiten dutenengan jarri beharra dagoela azpimarratu du Tirapuk. “Putazale eta proxenetetan jarri beharko genuke fokua, emakumeen  zaurgarritasunaz aprobetxatzen eta horrekin aberasten diren horietan.”

Bihar, irailaren 23an, sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketaren aurkako nazioarteko egunean goizeko 11:00etan Santo Domingo merkatuan ekintza bat egingo dute errealitate honen krudeltasuna salatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!