Zinemaldia

Gorka Peñagarikano: "Alauda Ruiz de Azuaren filmak publikoaren txalo zaparrada piztu zuen bere estreinaldian"

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 22a

Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioa aurrera doa eta sail ofizialean aurkeztu diren euskal ekoizpeneko filmeek arreta piztu dute. Ruiz de Azuaren 'Los Domingos' eta Moriarti ekoiztetxearen 'Maspalomas' dira horren adibide argi, Argiako Gorka Peñagarikano kazetariaren aburuz

Piztu dira fokoak eta zabaldu dira alfonbra gorriak Donostian, Zinemaldiaren 73. edizioaren karietara. Izarrez, zinemazaleez eta giroak erakarrita hurbiltzen diren norbanakoez lepo bete da Gipuzkoako hiriburua. Irrintzi Dorretik ere erreparatu nahi izan diogu zinemaren jaialdi erreferentziazkoari. Gure belarriak eta begiak dira bertan lanean ari diren kazetariak, tartean Argia aldizkariko Gorka Peñagarikano. Zinemaldia bere ekuatorrera iristen ari denerako hamar bat film ikusi ditu, eta beste bezainbeste gelditzen zaizkio aurretik. 

Orain artekoen artean, euskal ekoizpeneko filmak nabarmendu nahi izan ditu Peñagarikanok. "Alauda Ruiz de Azuaren Los Domingos-ek arreta bereziki deitu dit", adierazi du. Zuzendari barakaldarraren filmak moja sartzeko erabakia hartzen duen protagonistari jarraitzen dio. "Kristautasunaren aldeko hautua hartzeak askorentzat tonu erridikuloa ere izan dezake, baina berak oso modu errespetagarrian tratatu du gaia". Asier Altunaren Karmele eta Moriarti ekoiztetxearen Maspalomas ere aipatu ditugu kazetariarekin. "Zalantzarik gabe, Maspalomas filma zer esan emango duen lan horietako bat izango da". 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!