Bideopodcastak
Denboraldi berrian irratiak bideopodcasten aldeko apustua sendotuko du. Sarai Robles bertsolari eta euskalgintzako eragileak Beratzen saioa zuzenduko du, bi astean behin. Euskal kultura, autoritatea, literatura, estetika, tradizioa edota sekretuak jarriko ditu mahai gainean. Horretarako atal bakoitzean bi lagun izango ditu ezker-eskuin: Sagrario Aleman eta Ion Celestino, Uxue Alberdi eta Amets Aranguren, eta Aissa Intxausti eta Eraitz Saez de Egilaz, besteak beste.
Bestalde, Martin Ziriza Tatxers eta Borla taldeetako musikariak Espaloian Koskan zabaldutako bideari ekingo dio aurten ere, bi astetik behin. Melenas, Naxker eta beste zenbait taldeetako kideak izan dira estudioan. Saio bakoitzean koska bat.
Danel Galdaerak eta Eneko Garciak gidatzen duten Flop Kulturak hirugarrenez umorez beteko du Euskalerria Irratiko estudioa. Gaurkotasunaren eta pop kulturaren hainbat alderdiri buruz duten ikuspuntua adieraziko dute arintasun handiz. Bestelako lagunak ere izango dituzte mahaiaren alde arrosa zein beltzean eserita. Set berria, irudi berria eta aurpegi berriak Flop Kulturaren hirugarren denboraldirako.
Audio podcasten bidean, auzolanean ekoiztuko ditu Euskalerria Irratiak. Hirugarren urtez jarraian, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean, zinema fantastikoari buruzko Konpainia Karrikako Amesgaiztoa plazaratuko du, Santi Leonek eta Jaume Gelabertek gidatua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Graduarekin elkarlanean, bost lagun berrik Zertarako hau ikasi? saioaren erreleboa hartuko dute.
Magazinak, 200 kolaboratzaile ingururekin
Euskalerria Irratia komunitatetik eta komunitatearentzat aritzen da askotariko gaiak jorratzeko. Hala nola, zientzia, kultura, zinema, teknologia, sareak, ingurumena, osasuna, gizartea…
Arratsaldeko saioak, Irrintzi Plazak, 16:00etatik 18:00etara, Miren Mindegia, Unai Lako, Bidane Beloki eta Inhar Iraizotz kazetariak izanen ditu gidari, eta Martin Cervantes, Tuli teknikan gidari. UEU, Elhuyar Fundazioa, Aranzadi Zientzia Elkartea edota Iruñeko Zientzialariak kolektiboarekin hilabetero kolaborazioak izanen dira. Edukiko dituzten bidelagun berrien artean Oier Santamariarekin historiaz arituko dria; eta ‘Lapiko artean’ ibiliko dira Natali Escudero, Julen Urtasun eta Itxaro Zabaleta (Izatenutri); eta aurreko denboraldiko ‘Irratiko Señorak’ (Reyes Ilintxeta eta Amaia Lasa), ‘Frikitoki’, ‘@bildua’ edota ‘Erreber’ musika atala ez dira faltako.
Goizean, Metropoli Foralean, Juan Kruz Lakasta, Pello Argiñarena, Itsaso Etxeberria eta Bidane Beloki ariko dira, Igor Eskudero teknikan gidari dutela. Denboraldi berrian estudiotik haratago eginiko erreportajeek, kale konexioek, saio bereziek, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan egindako programek tarte berezia izanen dute. Nolanahi ere, ohiko kolaboratzaile eta sekzioei eutsiko zaie. Kazetariak, arlo akademikoko profesionalak, politikariak, eragileak eta gai ezberdinetan adituak diren lagunak mikrofonoetan izanen dira.
Joera guztietako iritzi emaileak
Iruñerrian Gaur albistegia Haritz Pascualek gidatuko du eta bidelagun izanen du Maialen Huarte. Iruñerria Goizetik albistegiak Maialen Huartek zuzenduko ditu, 7:50, 8:20 eta 8:50ean. Aurten, albisteak beste modu batera jorratu nahi dituzte, gai bakoitzak dituen hari muturrei tira egin eta modu dialogatu batean azalpenak argi uzteko xedez. Informazioa, gertuko albisteak eta analisiak, baina aurreko urteetan bezala hausnarketa eta iritziari ere tartea eskainiko diote. Azken horretarako, hogei kolaboratzaileren gakoak entzungai jarriko dituzte.
Kirolerria
Astelehenetan, Eñaut Agirrebengoak Kirolerria saioa eginen du, 15:00etatik 16:00etara. Osasunaren gizonezkoen zein emakumezkoen taldeen segimendua eginen du, pilotari jarraimendu berezia eginen dio eta beste hainbat kiroli ere erreparatuko die, besteak beste, horren ezagunak ez diren kiroletan diharduten lagunak elkarrizketatuz. Eñautek berak eginen du Osasunaren etxeko partiduen kontakizuna, Ane Martiarenarekin batera.