Euskal kulturaz blaitu nahi dute ikasgelak Miren Basurto eta Mirentxu Oteiza euskal filologoek Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako online ikastaro berrian. Eskolan ez dago ziurtatuta euskal kultur erreferenteen transmisioa eta gabezia horretaz jabetzea eta gure kultura klaseetan txertatzeko moduaz hitz egitea du helburu Ikasgela kulturaz blaitu ikastaroak.
“Euskara ez da hizkuntza akademikoa bakarrik, euskal kulturaren ardatza ere bada, baina eskolak euskaraz emateak ez du bermatzen euskal kulturaren transmisioa. Gaur egun eskolan ez dago ziurtatua kultur erreferenteen transmisioa, eta, ondorioz, haur eta gazte askok ez dute euskal kultura ezagutzen”, ohartarazi dute Basurto eta Oteizak.
Ondorioz, ikastaroaren helburu nagusietako bat irakasleak egoeraren larritasunaz jabetzea da. “Irakasle oro euskara-irakasle eta kultur eragile gara, baina askotan ez gara horretaz jabetzen. Irakasleok unibertsitatean ikasi badugu ere, ez dugu formakuntzarik jaso euskal kulturari buruz eta ez dakigu nola eragin alor horretan. Hortaz, funtsezkoa da irakasleok prestakuntza jasotzea ondoren eragile izateko”.
Irakasleek beren arloan euskal kultura nola txerta dezaketen hausnartzea eta ikasleengan eragitea izango da ikastaroaren lan arlo garrantzitsu bat.
Ikasgela kulturaz blaitu ikastaroa urriaren 20tik azaroaren 17ra izango da. Izena emateko epea urriaren 13a arte egongo da zabalik. Informazio guztia ueu.eus webgunean.
Miren Basurto eta Mirentxu Oteiza irakasleak egon dira Irrintzi Plaza saioan.