Ekhi Petriati (Bilgune Feminista): "Zaintza lanak gehienetan ordaindu gabeak eta ikusezinak dira, nahiz eta bizitza posible egiten dutenak diren"

Bidane Beloki Ezker 2025eko irailaren 22a

Ekonomia Feminista hitzaldia antolatu du Bilgune Feministak bihar arratsaldeko 19:00etan Txalapartan. Uzuri Aboitiz antropologoa eta ekonomia feministaren ikertzailea; Joana Bregolat ikertzailea eta militante ekofeminista; Miren Aranguren Emagineko kidea; eta Paula Garcia Bilgune Feministako kidea izango dira mahaiaren bueltan. Ekhi Petriati Bilguneko kidearekin solastu gara Irrintzi Plazan.

Gizarte baten sistema ekonomikoak ez die pertsona guztiei berdin eragiten, arrakalak areagotzen ditu askotan eta desorekak sortu beste zenbaitetan, ekonomia, ez baita neutroa. Hain zuzen, ekonomia feministak irtenbideak proposatzen ditu, berdintasunean eta pertsona guztien onurarako. Horren inguruan ariko dira bihar solasean Bilgune Feministak antolatutako Ekonomia Feminista hitzaldian. Arratsaldeko 19:00etan Txalapartan izango da hitzordua eta horren harira Bilgune Feministako Ekhi Petriterekin mintzatu gara.

Zaila da ekonomia feminista zer den azaltzea edo definitzea. Halere, argi dago zaintza sistemarekin lotura estua duela. “Lan mota horiek, zaintza lanak eta etxeko lanak, gehienetan ordaindu gabeak eta ikusezinak dira, nahiz eta bizitza posible egiten dutenak diren”, azaldu du Petriatik. Hortik, “ekonomia politizatu” nahi izan dute, genero arrakala kontuan hartuta eta alternatiba bat proposatuz.

Ekonomia dirura murrizten dugu, eta lana, ordaintzen den horri esaten diogu, ongizatea kontsumo-ahalmenarekin lotuz eta parekatuz. Eta zer jartzen du erdigunean ekonomia feministak? “Deskantsurako eskubidea” jartzen du ongizaterako neurgarri, besteak beste.

Edonork egin beharreko lanketa eta hausnarketa dela ohartarazi du Petriatik. Bidea erraza ez den arren, abiapuntua izan daiteke “ulertzea orokorrean ekonomia nola mugitzen den”.

Lana, gorputza, burujabetza, gakoak, ertzak eta komunitatea bezalako gaien bueltan izango dira Uzuri Aboitiz antropologoa eta ekonomia feministaren ikertzailea, Joana Bregolat ikertzailea eta militante ekofeminista eta Miren Aranguren Emagineko kidea, Paula Garcia Bilgune Feministako kidearen gidaritzapean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!