Zinemaldia

'Le cri des gardes', kolonialismoaren forma berriak

Pili Yoldi 2025eko irailaren 22a

Ikusteko erreza ez den pelikula batekin hasi egin dugu Zinemaldia aurten. Le cri des gardes (Zentinelen ohiuak) gordintasunez beteriko historia kontatzen digu. Claire Denis zuzendariak antzerki lan bat egokitu du zinemarako: Combat de nègre et de chiens (Beltza eta txakurren arteko borroka) Bernard-Marie Koltès idazlearena.

Mendebaldeko Afrikako herrialde zehaztugabe batean dago girotuta istorioa, herri lanak egiten ari dira, hesiz eta gizon armatuz inguratutako eremu batean. Aurrez aurre, baina hesiaren bi aldetan daude protagonistak: Horn obra burua (Matt Dillon) eta itzalen artetik agertzen den Alboury izeneko gizona (Isaach de Bankole). Obran hildako bere anaiaren gorpua erreklamatzen du, hori baino ez du
nahi, eta behin ta berriro errepikatuko du lortu artean ez duela alde egingo.
Cal ingeniari gaztea (Tom Blyth) eta Horn obra buruarekin ezkondu berria den Leone (Mia McKenna-Bruce) laukote protagonista osatzen dute, gauak aurrera egin ahala, argitu gabeko heriotzaren bueltan, tentsioak gora egingo du etengabe.
Claire Denis zuzendariak argi uzten du filma jatorriz antzerki lana dela: Elkarrizketetan, denboran, dekoratuetan. Nabaria da ere, gertuko planoetan eta mantendu dituen lokalizazio gutxi horietan.
Iluntasunaz murgildutako ez leku honetan, pertsonaiak alanbre-hesi batek inguratzen duen toki irreal batean ematen dute ia pelikula osoa, non zaindariek beren dorreetatik abesten duten eta fokuek gaua argitzen duten. Argiarena, hain zuzen ere, izan omen zen zailtasun nagusia errodajean, eta benetako gauan grabatu behar izan zuten, behar den dramatismoa, gordintasuna eta tentsioa lortu ahal
izateko.
Afrika gauez, ekonomia, klase eta arrazaren gaia elkarrekin ikusten dugu hemen, baina batez ere, kolonialismoaren forma berriak eta diskurtso berriak nola baldintzatzen duten errealitatea. "Langile bat hil da", dio hasieran Albouryk, eta Hornek, enkargatuak, "langileak hil egiten dira" erantzuten dio. Horrela, Claire Denisek Albouryren duintasuna Afrikari egindako keinu politiko oso bat bihurtu du, zalantzarik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!