Lagunartean elkartu eta euskaraz mintzatzea. Erraza izanagatik, edo horrexegatik akaso, Mintzapraktika taldeen arrakasta ukaezina da. Duela hiru hamarkada Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen dinamika garaietara egokitzen joan da, eta gaur egun gisa eta nolakotasun askotariko taldeak aurkitu daitezke. Berriki zabaldu dute egitasmoan izena emateko epea, Topagunearen wbgunean.
Emma Arrizabalaga eta Amaia Cuesta Iruñerriko Topaguneko kideek azpimarratu bezala, "Mintzapraktika egitasmoaren ezaugarri nagusia oso anitza eta irekia dela da". Talde hauetako batzuk besterik gabe kafe bat hartu bitartean hitz egiteko biltzen dira, beste batzuk kirol jardueren bat egiteko, beste batzuk josketan aritzeko... "Denetarik aurkitu daiteke, adin eta euskara maila desberdineko jendea biltzen da taldeetan. Bakoitzak adierazten digu zer nahiago duen eta guk taldeak eratzen ditugu. Gainera, oso irekia da, izan ere edozein momentutan taldez aldatu nahi baldin baduzu, ez dago inongo arazorik".
Iruñean 900 pertsona baino gehiago dira Mintzalagun. Duela bi hamarkada aktibatu zen egitasmoa bertan eta, ordutik, dagoeneko dinamika propioa daramatzaten lagun talde asko sortu dira. Urtean zehar antolatzen diren bestelako aktibitate eta egitasmoetan elkar ezagutzeko parada izaten dutela ere azpimarratu dute Arrizabalaga eta Cuestak.