Irati Jimenez (EH Bildu): “Ikerketa batzordea ez da epaiketa bat, ondorio politikoak ateratzeko lanabesa baizik”

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 7a

40 agerraldi eta 100 informazio eskaera adostu ziren asteartean abian jarri zen Cerdan auziaren inguruko ikerketa batzordean. Irati Jimenez, EH Bilduko parlamentaria da batzordeko lehendakaria

Abian da Cerdan auziaren inguruko ikerketa batzordea Nafarroako parlamentuan. Azkeneko lau legegintzaldietan esleitutako obra publikoak aztertuko dituzte, bereziki auzian aipatzen diren enpresekin harremana dutenak. Asteartean egindako lehenengo bileran talde politikoek aurkeztutako lan planak eztabaidatu zituzten eta hurrengo hilabeteetako bide orria zehaztu zuten.

Guztira 99 informazio eskari onartu ziren. Irailaren 15era arteko epea izango dute erakundeek parlamentuak eskatutako dokumentazioa bidaltzeko. Urriaren 14tik aurrera 40 pertsonek egin beharko dute agerraldia talde politikoen bozeramaleen aurrean. Astearte eta asteazkenetan izango dira agerraldiak. Eta urtea amaitu baino lehen amaitzea dute helburu. Irailaren 24an egingo den lan-saioan zehaztuko dute agerraldien ordena.

Deituak izango direnen artean daude Koldo Garcia edota Antxon Alonso, Servinabarreko burua. Baita Oscar Txibite eta Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariak, eta UPNren garaiko Javier Esparza, Lourdes Goikoetxea eta Francisco Iribarren kontseilari ohiak ere. Enpresa batzuk ere agertzen dira agerraldien artean: Accionako kontseilari ordezkaria, Fernando Merino Accionaren Nafarroako burua edota Pedro Rodriguez Geoalcaliko gerente izandakoa.

Izenen artean ez dira agertzen Maria Txibite edota Uxue Barkos lehendakariak, edo Ramon Alzorriz, alderdi sozialistako talde parlamentarioaren bozeramale ohia ere. UPNk eta PPk gogor jo zuten ezkerreko alderdien kontra agerraldiak galarazteagatik eta PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik euren interes politikoak lehenetsi dituztela salatu zuten.

Irati Jimenez, EH Bilduko parlamentaria da ikerketa batzordeko lehendakaria. Berak izango du batzordeko prozesua gidatzeko ardura. Kritika politikoen gainetik, batzordea bizirik dagoela nabarmendu du eta agerraldien zerrenda handitu daitekeela adierazi du, hurrengo asteetan jaso dezaketen informazioaren ondorioz edota egoera politikoaren arabera, malguak izango direla esan du.

Guardasola saioan Irati Jimenezekin hitz egiteko aukera izan dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!