Kezka aspalditik dator. 2013an Madrildik eta Kataluniatik iritsitako ultraeskuindar talde bat erroldatu zen Gesalaz inguruan. Egonezina sortu da bizilagunen artean eta Ahoztar Zelaieta kazetariari ikerketa egitea eskatu diote. Gesalazko sektaren inguruko informazio aunitz jasotzen ditu lanak: "Badago sekta gisara funtzionatzen duen fundazio bat, Maestro Avila izenekoa eta Gesalazen dauka egoitza eta horri lotutako hainbat izen daude txostenean: frankismo denboran ultraeskuindar militante eta armadari lotutako zenbait kide, eta euren seme-alabak gerora ultraeskuineko plataforma desberdinetara batu dira bai Katalunian, zein Madrilen eta baita Nafarroan ere".
Aurten Abartzuzan kokatuta dagoen Anderatze ikastetxe zaharra erosi zuen Errioxako eskuin muturreko fundazio batek. Eta horren inguruko informazioa ere bildu du Ahoztar Zelaietaren ikerketak: "Elkarte horren idazkari dena, ultraeskuindarra da eta plataforma politiko batekin hauteskundeetara aurkeztutakoa. Kataluniakoa da eta sare horrek badu lotura Gesalazeko Maestro Avila fundazio sektarioarekin lotura". Antza, Anderatze erresidentzia edota ikastetxe pribatu bezala erabili nahi du fundazioak. Ikerketak frogatu du hori bai, Gesalazko sekta eta Abartzuzan kokatuta dagoen fundazioaren arteko loturak eta harremanak badaudela.
Joan den asteburuan beste pauso bat eman zuten ultraeskuindar hauek eta Fernando Rosen monolitoan urtero egiten den omenaldia zapuztu nahi izan zuten. Bizikidetza okertu daitekeen beldur dira bertako bizilagunak.