Iñigo Balbas (suhiltzailea): "Gobernua suteak prebenitzeko etxeko lanak egin gabe iritsi da uda garaira"

Maialen Huarte Arano 2025eko abuztuaren 7a

2022ko suteen ondorioz hausnarketa egin zuten LAB sindikatuaren barruan eta bilerak ere egin zituzten Nafarroako Gobernuko departamentuarekin. "Baso suteen talde berezia ezinbestekoa da udan suteak gerta ez daitezen. Akordioa erdietsi zen, 2022ko abenduaren 22an, baina ez da bideratu", kritikatu du Iñigo Balbas suhiltzaileak. "Etxeko lanak egin gabe daude. Horiek betetzea ezinbestekoa da. Hartutako konpromisoa indarrean sartzea nahitaezkoa da", azaldu du. 

2022an adostu zuten zenbait eragilek Nafarroako Gobernuarekin batera talde espezifiko bat sortuko zela urte osoan aritzeko baso-suteen prebentzio lanak egiten. Ez hori bakarrik: argi geratu zen zerbitzuak ere kudeaketa tresna behar zuela sortzen ahalko diren egoera berezietan langileak lortzeko. "Urte hartako suteen ondoren eta bilera hainbat izan ondoren akordioa erdiestea lortu genuen, baina ez da bi eskaera horietatik bat bera ere indarrean jarri", azaldu du Iñigo Balbas LAB sindikatuko kide eta suhiltzaileak.  "Egoera larrietan edo ohikoak ez direnetan lan taldea handitzeko kudeaketa plana beharko litzateke ezarri", adierazi du . 

"Basoen garbiketaz eta urte osoko lanaz hitz egiten ari gara suteen prebentzioaz ari garenean", esan du Balbasek.  Garbiketak egitea, baliabideak nola dauden ikuskatzea: berritzea, zaintzea, basoak garbitzea edo sua erraz hartzen duten sastrakaz garbitzea eta beste: ""Lan guzti hori ez da orain egiten, orain berandu gabiltza. Urte osoan egin beharreko lana da, baina noski, horretarako planifikazioa behar da eta baita azpiegitura bat ere. Horiek sortzeko akordioa da lortu genuena, baina martxan jarri gabe dago", kritikatu du. Iñigo Balbas suhiltzailearekin egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!