Zorra kitatzen hasteko ekitaldia izan zen atzo Baluarten Nafarroako Gobernuak egindakoa. Eskuin muturreko taldeek eta polizia indarrek eragindako motibazio politikoko lehen biktima taldearen aitortza eta erreparazio ekitaldia egin dute. Hamabi pertsona omendu dituzte, ofizialki aitortutako lehen biktima taldea: Mikel Zabalza, Mikel Arregi eta Jesus Maria Fernandez dagoeneko hilak; Jose Ramon Velez eta Mintxo Ilundain 78ko sanferminetan zaurituak; Gloria Bosque, frankismoan torturak jasan zituena; Carmen Garatea, Triple A-ren atentatu baten biktima; Joanes Molina, 16 urterekin begi bat galdu zuen poliziaren pilotakada baten erruz; Santiago Jaunarena, Juan Luis Albizu, Josu Irañeta eta Josu Imaz torturen biktima. Omenaldiaren garrantzia nabarmendu du Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak: "Iraganean indarkeria ilegitimoa eta justifikaezina jasan zenutenoi aitortza egiteko eta erreparazioa emateko ekitaldia da hau".
Torturatuen Sarea eta Egiari zor, eskertuta
Ekitaldia urtero egiteko asmoa agertu du gobernuak, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak eskatu bezala. Bi erakundeek jakinarazi dute garrantzia sinboliko handiko ekintza dela biktima gisa aitortzen dituzten horientzat. Bi elkarteek uste dute halako ekitaldiek agerian uzten dutela ezinbestekoa dela giza eskubideen urraketen biktimei aitortza ofiziala eta erreparazioa emateko prozesua.
Argazkian klik eginda entzun daiteke biktima horietako batzuen senideen testigantza laburra.