Guri Bo5t taldea: "Gure musika estiloaren bilaketa prozesuan gaude"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko uzt. 22a, 13:16

Iker Goñi, Ekai Ayensa, Izar Benedi eta Hegoi Sola dira Guri Bo5t taldeko lau musikariak. Iruñerriko talde berria da eta oraingoz bi abesti dituzte entzungai plataformetan: 'Arazo hau' eta 'Logela bat', Ibai Osinagarekin SIMA Estudioan grabatu dituztenak

Alaitz Insitutuan dauka hazia Guri Bo5t talde sortu berriak. Bertan ezagutu zuten elkar Iker Goñik, Ekai Ayensak, Izar Benedik eta Hegoi Solak, eta bertan iritsi zitzaien euren lehenengo kontzertua egiteko proposamena. Zalantza handiegirik gabe eman zioten baiezkoa eta bi astez prestatu zuten euren lehenengo boloa, gehienbat bertsioez elikatu zutena. Iazko udaberrian izan zen hori, eta ordutik kontzertu andana eman dituzte. "Argi genuen ez genuela erromeria talde bat izan nahi", argitu du taldeko ahots Iker Goñik. "Guri kontzertuetan entzutea gustatuko litzaigukeen abestien bertsioak egiten hasi ginen, gehienbat rock taldeak direnak, baina baditugu rumba edo bestelako estiloak ere".  

Hala, taldea bere estilo propioaren "bilaketa prozesu batean" dagoela aitortu dute. Oraingoz bi abesti konposatu eta grabatu dituzte, plataformetan entzungai daudenak biak ala biak. Arazo hau izan zen ezagutzera eman zuten lehenengoa, reagge soinu argiko maitasun harreman apurtu baten inguruko kantua; eta hilabete batzuk beranduago iritsi zen Logela bat. Azken honetan, Ayensak nabarmendu bezala, jazz eta soul joera nabarmena da. "Depresio baten inguruan hitz egiten duen abestia da. Konposatzerakoan, musikalki, funtsesko soinuetara jo nahi izan nuen. Soilik hiru akorderekin egindako abestia da. Behin alde musikala eginda idatzi nuen letra".

Hasi berriak diren arren, kontzertu andana eman du taldeak herri eta auzoetako bestetan, ahoz-ahokoari esker. Udarari begira ere kontzertu ugari dituzte dagoeneko lotuta, tartean Burlatako bestetan eta Aldapako sanferminetan. "Gure kontzertuak aldatuz joan dira, kantu desberdinak probatu ditugu, baina uste dugu orain oso kontzertu polita daukagula, eta zuzenekoaz asko gozatzen dugu". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!