SANFERMINAK 2025

Joseba Asiron: “Urteko momenturik goxoenean elkartasuna izatea helburu, harro sentitzeko modukoa da”

Euskalerria Irratia 2025ko uzt. 10a, 14:15

Txupinazoa, prozesioa, zezenketak, segurtasuna, gertuko eta estatuko politika edota billabesen greba mintzagai Iruñeko alkatearekin jaien erdigunean. Sanferminetako normaltasun ezaren baitan, jai "lasaiak" izaten ari direla baieztatu du alkateak.

Sanferminetan normaltasunez mintzatzea zaila den arren, Asironek adierazi du jai “lasaiak” izaten ari direla, bai arlo pertsonal zein instituzionalean. Dagoeneko lau egun igaro dira jaiak hasi zirenetik eta atzera begira jarri da alkatea. Yala Nafarroak piztu  zuen suziria eta “oso harro” dago hortaz alkatea. “Alkateak uko egiten dio bere eskumenari erabakitzeko zeinek botako duen txupinazoa eta inoiz jasotako boto kopururik altuenarekin, 20.000 botorekin, jendeak erabaki du Yala Nafarroa Palestinarekin botatzea”, azaldu du. 

“Prozesioaren balorazio orokorra ona da”, aitortu du alkateak. Kurian batez ere, hobetzeko gauzak daudela dio, baina geroz eta lasaiago bizi dute prozesioa. Oihuak eta irainak izan ziren tartean, momentuz salaketaren berririk ez, baina lasaitasunez hartu du Asironek.

Kurian ez ezik, txupinazoan ere askotariko oihu eta aldarriak entzun ziren. Entzundako mezuez, “irakurketa sakona egin beharko genuke”, uste du Asironek. “Ni ere harritu nintzen hainbat oihurekin, horrek erakusten du norantz mugitzen ari den Iruñera datorren jendearen profila”.
Zehazki, “Australiatik edota Alemaniatik etortzen ziren bisitariak geroz eta gutxiago dira”, izan ere, “zezenketen ondorioz geroz eta gutxiago datoz”. Kontrara, badira bestelako bisitariak arrazoi berarengatik etortzen direnak. Muturreko eskuinaren gorakadak ere eragin du aldaketa bisitarien profilean.

Zezenketen eztabaida mahai gainean jarri dute. “Sanferminak izango dira beti iruindarrek nahi dutena”, erantzun du irmoki alkateak. “Zergatik galdetzen didazue hainbeste hori niri?”, Asironek zezenketak debekatzeko eskumenik ez duela berretsi du.

Cerdan auziak Iruñean eraginik izango ote duen ez du argi Asironek. “Alkatetzara iritsi ginen prozesu demokratiko baten bitartez”, eta horri heldu dio gardentasunaren alde. “Galdera da zergatik izan zen sei hilabetez alkate Cristina Ibarrola horren boto gutxirekin”, nabarmendu du.

“Politika zerbitzu bat bezala ikusten dut”, adierazi du Asironek. Argi dauka nola amaituko duen bere ibilbide politikoa: “Iruñeko Udaletik burua jasoa aterako naiz, eta klase ematera itzultzen naizenean, nire ikasleei begietara begiratu nahi diet”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!