Sabino Cuadra: "Zer da arriskuan jartzea Espainiako segurtasuna? Anbiguoa da hori esatea"

Maialen Huarte Arano 2025ko uzt. 23a, 10:16

Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak Informazio Klasifikatuaren Lege proiektua onartu du, frankismoaren garaitik indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea ordezkatzeko. Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak esan du informazioa desklasifikatuko dela baldin eta ez badu Espainiako segurtasuna kolokan jartzen. Sabino Cuadra diputatu ohiak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan hausnarketa egin du: "Zer da baina segurtasuna ezbaian jartzea?". 

"Anbiguoa" da Espainiako segurtasuna kolokan jartzen duten dokumentuak ez dituztela desklasifikatuko esatea Sabino Cuadra diputatu ohi eta zenbait libururen egilearentzat. "Nork erabakiko du zein informaziok jarri dezakeen arriskuan Espainiako segurtasuna?", galdetu du hausnarketa gisara. Onartu du aurrera pausoa dela "noski" frankismo garaiko legea atzean utziko duen lege proiektua aurkeztea, baina argitu gabeko atal asko daudela iruditzen zaio: "Txupinazioa besterik ez da atzo aurkeztutakoa. Garapena falta da oraindik", uste du. 

Garai asko eta gertaera asko argitzeke daude Euskal Herrian. Horiei begira eta Cuadrak bereziki presente dituen 1978ko sanferminen inguruko gertaerei begira esan duena da, dokumentaziorik ere badenik ukatzen dute beraz, kasu horretan arazoa are larriagoa izan daitekeela. Desklasifikatu gabeko informazioa zabaltzeagatik isun "handiegiak" jarri daitezkeela lege proiektuak jasotakoaren arabera eta kazetarien lana "oztopatzea" ekar dezakeela iruditzen zaio. Sabino Cuadrari egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!