Oporrak bakean igarotzea da helburua. Jasanezinak diren tenperaturei iskin egitea. Moskitoei, sortzen diren arena boladei, ur eta elikagai eskasiari. Saharatik ehun dira Nafarroara iristear diren haurrak. Atzerapenarekin datoz, hasierako aurreikuspena uztailaren 4an iristea zelako, baina onbidean, Orkoienen izanen dituzte zain harrera familiak ostiralean. Horietako bat da, Arantxa Gamio Igoa, Saharaztan taldeko kide. Euskalerria Irratian elkarrizketa egin diote (hemen irakurri eta argazkian klik eginda entzun daiteke):
Aurten ere, berandu bada ere, iritsiko dira Saharatik haurrak gurera, uda pasatzera. Zer pasa da berandutzeko?
Programa hau espainiar estatu mailan egiten da eta haurrak pasaporte kolektiboarekin datoz. Badirudi, afera burokratikoak tarteko, trabatuak geratu direla pasaporte indibidual zenbait. Horrek eragin du hegaldi txarterrak ez aurrera ez atzera geratu izana, horien artean Nafarroara etortzekoa zena. Ez dugu atzendu behar gerra kontestu batean daudela, botere desberdineko harremanak daudela. Kontua da, dagoeneko neska-mutiko hauek bi aste gutxiago pasako dituztela gure artean.
Zer da haientzat hemen uda pasatzeko aukera izatea?
Basamortuko kliman bizi dira eta errefuxiatu. Bi baldintza horiek saihestea da xedeetako bat, behintzat aste batzuetan: freskura, herrietako erreka, piszina eta mendietan ibiltzen dira. Guk aseta ditugun oinarrizko beharrak beraiek ere hala izatea: elikadura, atsedena, higienea, osasuna...
Zer egiten dute hemen udan?
Gure egunerokotasunean txertatzen dira. Familiak edo pertsonak gara haur horiek hartzen ditugunak. Bakoitzak bere errealitatea bizi du eta bere bizitokia du. Ez da gauza bera Iruñerrira etortzea edo herri txiki batera. Baztanen, gure kasuan bezala, euskaraz bizi da hilabete hauetan gu bezala. Alabak ere baditugu guk eta beraiekin ibiltzen dira jolasean, piszinan, herriko festetan parte hartzen, etxeko lanak ere tarteka errepasatzen...
Asko da jasotzen dutena, eta harrera familiek, zer jasotzen duzue haiengandik?
Dudik gabe ez dakit berdin edo gehiago den. Guk badugu urte batzuk programa honetan parte hartzen dugula. Hausnarketarako bide ere ematen digun. Ez bakarrik familia mailan baizik arlo komunitarioan ere, herri mailan. Eragina eta aportazioa egiten baitu denean.
Itzulera. Nola bizitzen duzue zuek, eta haiek?
Gogorra da, dolu bat da. Kasu batzuetan gero arte bat. 8 eta 12 urte arteko haurrak datoz, beraz, gerta liteke errepikatzea esperientzia. Programa amaitzen zaienean baina, betirarte da, beraiek errefuxiatu izanda ez baitute aukerarik handik ateratzeko. Dena dela, bada aukerarik guk hemendik bisita egiteko hara, abenduko zubian adibidez. Gaur egun, gainera, teknologia tarteko, posible da harremana mantentzea haurraren familiarekin. Ez da guztiz mozten, baina egunerokotasunean bizitzeko aukera baldintzak amaitzean bukatzen da.
Animatuko zenuke jendea saharar haur bati aukera hori eman diezaion?
Bai. Guk urteak daramatzagu Saharaztan Elkartetik jendea animatzen gure eskualdean. Ikusarazten zein esperientzia den. Badakigu bakoitzak badituela bere lehentasunak. Bizitzeko lehentasunak ere aldatzen ari dira. Gure eskualdean iristen diren haurrak gutxitu egin dira, aurten 11 izanen dira. Dena delako etapa pertsonalean garela ere, udan denbora izanda eta esperientzia berri batekin aberasteko grina duena animatuko nuke. Ardura bat da: azken finean adintxikiko bat ekartzen duzu etxera, horrek suposatzen duen guztiarekin: heziketa, errutina, beraiei egokitutako planak egitea... baina erronka izugarria da, amatasuna bizitzeko beste modu bat, familian ere egokitu beharreko "fitxa" bat, herri mailan neska-mutikoekin sortzen diren harremanak ikustea, helduen artean sortzen diren elkarrizketa eta hausnarketak piztea... Hurrengo udara begira, jendea animatuko nuke: udaberrian hasiko gara prestatzen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!