“Lehendabiziko lasterketa oso gogorra izan zen” aitortu du Brasilgo selekzioko eskiatzaile nafarrak, “Erritmo bizian irten ziren Errusiarrak eta gutxi iraun nuen taldean”. Atzo sprint lehiaketan ordea, sentsazio hobeagoak izan zituen Manexek, “Aurrean neukana harrapatu eta atzean utzi nuen eta hori noski bultzada da buruarendako”. Oraindik klasikoko proba eta 50kilometrotako lasterketa lkuzea ditu aurretik Beijingo jokoetan gozatzeko. “Esperientzia paregabea izaten ari da, somatzen da arreta asko bereganatzen dutela jokoek. Guretzako izugarria da telebistan ikusten ditugun eskiatzaile handienen parean ibiltzea”.
-15 eta -20 gradu bitarteko tenperaturak egunero
“Estepa baten erdian gaude” azaldu digu Brasilgo selekzioarekin eksi prestatzaile lanak egiten dituen Julen Garjon erronkariarrak, “Hemen ez dago ezer ez, hotza bakarrik, ez du ezta prezipitaziorik egiten eta elur guztia artifiziala da”. Txinak Joku Olinpiko hauetan egin duen erakustaldi teknologikoarekin harrituta dago Garjon, “Bi urte daramazkite elurra egiten eta prestatzen, hemen basamortu honen erdian” esan du “Eskiak prestatzeko moldatu behar izan gara oso muturreko baldintzetan gaudelako, egunero -15 eta -20 gradu bitarteko tenperaturak ditugulako”.
COVID-ak ere baldintzatu ditu Neguko Joku Olinpikoak, “Ezin gara sobera nahastu beste herrialdeetako kirolariekin” azaldu du Julen Garjonek, “Gu gehien bat, hegoameriketatik etorritako eskiatzaileekin erlazionatzen gara”. Egunero PCR-a egin behar dute, lasterketa eta entrenamendu gunera joan aurretik.