187 urte geroago Iruñeko Katedralak bere erraldoi propioak izango ditu. Lehen Udalak eta Katedralak konpartsa bana zituzten. 1780. urtean, Carlos III erregeak erraldoiak debekatu eta Udalarenak galdu ziren.
Katedralekoak, ezkutatuta bada ere, ez ziren desagertu eta 1813. urtean tenpluan lanean ari zen zurgin batek aurkitu eta kalera itzuli ziren arte. Elizak Udalari oparitu zizkion eta 1860an Tadeo Amorenak gaurko erraldoiak egin zituenean betiko galdu ziren arte. Orain, Iruñeko Artzapezpikutzak tradizio hau berreskuratu nahi izan du.
Occidens Fundazioak, estatuko beste 7 elizbarrutirekin batera, Europako funtsetatik iritsitako dirulaguntzak baliatu ditu bere momentuan katedralak zituen sei erraldoietatik lehenengo bikotea eraikitzeko. Mendebaldeko errege eta erregina dira. Garaiko argazki edo irudirik ez dagoenez, dokumentu zaharretan aurkitutako detaileak hartu ditu kontutan Jorge Urdanozek, proiektuaren zuzendariak, hiru dimentsiotan pertsonaiak diseinatzerako orduan. Aitor Callejak eta Mikel Erasok eman diete forma eta Marta Arrastiak trajeak egin ditu. Artzapezpikutzaren asmoa da gainerako lau erraldoiak ere egitea, baldin eta dirulaguntzak eta bideak topatzen badituzte.
Errenazimendu eta Barroko garaiko musikak dantzatuko dituzte, eta ez ohikoak ditugun kalejira edo balsak. Aurelio Sagaseta apaiz eta musikaria izan da erraldoi berrien musikaren zuzendaria.
Erraldoiak azaroaren 1ean, arratsaldeko 4.30etan aurkeztuko dira Katedraleko atarian. Ondoren, katedralean egongo dira ikusgai astelehenetik aurrera ikusi nahi dituenarentzat.