Gau beltza edo arimen gaua

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Lusarreta 2025eko urriaren 31

Badira egun dexente non, komertzioetan, tabernetan, telebistan, etab.-etan kalabazak nonahi ikusten ditugula. Urriaren 31ko gauean Euskal Herriko kaleak mozorroz eta kalabazaz betetzen dira paradoxa bisual batean murgiltzen garelarik. Taberna eta dendetan ikusi ohi ditugun kalabaza laranjak, sare komertzial handiek bultzatutako Halloween inportatuaren ikurra dira. Komertzio eta plataforma digital gehienak mugimendu komertzial honen aldeko apustua egiten dute.
Distira horren atzean, ordea, zalantza identitario bat ezkutatzen da: Halloween kontsumista eta Gau Beltza. Biak ala biak arimen munduaren guregana hurbiltzeari buruzko ohituren aldaerak dira, baina gure sustraiek beste zerbait diote.
Gurean, jaia ez zen Estatu Batuetako 'Trick or Treat' hutsa. Gau Beltzak sustrai sakonak ditu gure nekazaritza-zikloan: uztaren amaiera eta, horrekin batera, urtearen bukaera ospatzen zen. Neguari harrera egiteko eta hildakoen arimekin lotura estutzeko unea zen.
Antzina, kalabazak edo arbiak hustu eta bide bazterretan jartzen ziren, barruan kandela zutela, arimak gogoratzeko eta izpiritu gaiztoak uxatzeko. 'Ziria ala saria' eskatzea ere oso zabalduta zegoen.
Ohitura horiek gainbehera jasan zuten ospakizun indartsu estatubatuarraren aurrean, baina azken urteetan hainbat eragilek ahalegin handia egin dute Gau Beltza berreskuratzeko. Euskaratik eta gure mitologiatik abiatuta, jaiari berezko balioa eta nortasuna eman nahi diote.
Gakoa da gaur egungo belaunaldiek nortasun propioa duen jaia eskura izatea, tradizioa eta misterioa kontsumismoaren gainetik jartzeko. Gau Beltza da, zalantzarik gabe, gure erantzun kulturala globalizazioaren uhinari. Gure nortasuna bizirik mantentzeko eta gure sustraiak berriz ere balioan jartzeko aukera paregabea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!