Iruñeko Komunikabideak Fundazioak (IKF) eta Euskaltzaindiak aitortza berezia egin diete gaur Mañeruibarko (Mañeru, Zirauki, Artazu eta Girgillao) hainbat familiari, hain zuzen, seme-alabak euskalduntzeko egiten duten ahalegina eskertzeko. Honela, euskara galdua zen herri horietako familiak saritu dira, bertan euskara errotze eta sendotzearen alde egunero harturiko konpromisoarengatik. Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak egina duten hitzarmenaren barruan kokatua dago gaur Mañerun eginikoospakizuna. Ospakizuna diogu, festa-giroan burutu delako ekimena. Sari-ematearen atarian, Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagilearen Gu berde iluna gara! bideo hunkigarria erakutsi da udaletxean. Sortzaile nafarrak lotura handia du inguru horrekin eta, bere-berea duen moldean, artelan ttipi zoragarri bat ondu du, haurrak ardatz harturik. Honela, bideoan Mañeruibarko haurrak mintzo dira euskarak Nafarroa Garaiko ibar horretan izan duen lekuaz eta eraginaz; baita gure hizkuntzak hor izan duen gainbeheraz eta gaur egungo biziberritzeaz ere.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria pozik agertu da eta ekitaldian nabarmendu nahi izan du, “Mañeruibarko herritarrek eta udalek beren aurrekoen hizkuntza berreskuratzeko egin duten eta egiten ari diren ahalegina» saritu nahi izan dela. «Lan horren aitortza egin eta bide horretatik jarrai dezaten animatu nahi izan ditugu —gaineratu du Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak—. Ea Nafarroako beste herri batzuek ere ildo berean lan egiten duten! Itxaropen horrekin egin dugu askotariko aitortza hau”.
Bestalde, Enrike Diez de Ultzurrun IKFko presidenteak adierazi duenez, “haur euskaldunak eskolan zigortzearen ondorioz egin zuen euskarak atzera xix. mendean. Orain, bereziki haur eta familiei esker itzultzen ari da euskara Mañeruibarrera, eta aitortza hori egin nahi izan diegu”. Iruñeko Komunikabideak Fundazioko zuzendariaren esanetan, gainera, “horrelako ekimenek sustrai sakonak dituzte Nafarroan, gerra aurrean egiten hasi baitziren Iruñeko Euskeraren Adiskideak elkartearen bidez. Eta gerra ondoren, 1957tik aitzina, Nafarroako Diputazioak berak 7.000 haur euskaldun saritu zituen, haiengan euskararekiko atxikimendua sortzeko. Bada, ekimen hura ekarri nahi izan dugu gogora gaurko ekitaldiaren bidez”.
Oskar Alegria zinemagilearen profil laburra
Oskar Alegria Iruñeko Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa izan zen, 2013tik 2016ra. Haren lehenengo filma Emak Bakia baita (2012) izan zen, Lapurdiko kostaldeko etxe baten bilaketari buruzko lana. 2019an, Zumiriki ondu zuen, haurtzaroko ibai-uharte baten istorioa kontatuz (lan horrek film onenaren saria eskuratu zuen Sevillako Zinema Europarraren Zinemaldian, Ez-fikziozko Lanak sailean). Zinzindurrunkarratz du izena Alegriaren azken lanak. 2023an filmatu zuen eta hainbat zinemalditan saritu dute, hala nola Nantesko Festival du Cinéma Espagnol zinemaldian, Florentziako Festival dei Popolin, DOC New York jaialdian eta Valladolideko Semincin. Aitatxik, artzaina zelarik, Artazutik Andimendira joateko egiten zuen bidea urratu du Alegriak azken film horretan, ibilbidea bera eta bideari loturiko kontuak eta soinuak ahanzturatik erauzteko.