AHT egin ahal izateko zundaketa lanak uda partean has zitezkeela ohartarazi zuten eta abisua iritsi dela baieztatu du Iturmendiko Udalak. Herria kontran agertu da hasieratik, ez dituzte lanak nahi, ezta Abiadura Handiko Trenik ere. Eta deia jaso eta berehala helarazi diete haien jarrera Espainiako Gobernuko ordezkariei.
“Baimena baino, babesa eskatzen zigun Espainiako Gobernuak”, azaldu du Kai Galartza Herri Elkarlana taldeko kideak. Iturmendik errefusatu du asmoa eta lanak aurrera eramateko beharrezkoak diren inolako zundaketarik ez dituztela onartuko berretsi dute: “ez dugu munstro hori hemen nahi”.
AHT euskal herritarren nahien eta beharren kontra eginiko proiektu txikitzaile, suntsitzaile eta xahutzaile bat dela iritzi diote. Ez dute beharrik ikusten eta diru xahuketa iruditzen zaie. “Trenbide sare publikoa berriztatzeko behar dugu diru hori ez AHT-rako”, salatu du Galartzak.
Ikuspegi ekologiko eta soziala berretsi dituzte eta AHT bertan behera geratzea eskatu du Iturmendik ere.