Unai Hualde: “Txalogarria da diasporak egiten duen esfortzua euskal eta nafar nortasuna hain urrun mantentzeko”

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 5a

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Boisen ospatutako Jaialdian parte hartu du

Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean Boiseko Jaialdia antolatu du bertako Diasporak. 30.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute antolatutako ekitaldietan eta musikaz, dantzaz, kirolaz eta tradizioez gozatzeko aukera izan dute. Hainbat erakundetako kideak ere bertaratu dira, tartean Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria.

Estatu Batuetara joan ziren artzain nafarren memoria berreskuratzeko Nafarroako foru erakundeek egindako lana azaltzeko aukera izan zuen Hualdek. Zehazki, Boiseko Estatuko Unibertsitateak antolatutako "International Symposium on the Basque Diaspora and Cultural Expressions, Zortziak Bat" jardunaldian parte hartu zuen.

Bestetik,  Nafarroak dituen eskumenak eta parlamentuaren lan dinamika azaltzeko aukera ere izan zuen. Parlamentuak Nafarroako Kanpoko Herritarrekiko Harremanei buruzko Foru Legea onartu zuen 2023an, foru erkidegotik kanpo bizi diren herritarrekin izan beharreko harremanetarako esparrua ezartzen duena. Legeak aurreikusitako aukerak azaldu zituen.

Nafarroako Gobernuak Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearekin duen lankidetza-hitzarmena  ere nabarmendu zuen Parlamentuko Lehendakariak, eta gogorarazi zuen legebiltzarrak proiektu horietako batzuk ekonomikoki laguntzen dituela, esaterako, 2021eko abenduan inauguratu zen Elgorriagako euskal artzainaren museoarena. “Nafarroako aztarna Far Westen” liburuaren argitalpenaren ale batzuk eman zizkion Boiseko Unibertsitateari eta hiriko Euskal Museoari.

Euskalerria Irratiko Guardasola saioan elkarrizketatu dugu Unai Hualde, bidaiaren nondik norakoak azaltzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!