Euskaltzaindiaren Onomastika Atala:
Pertsona izenak
Atal honetan, lehengo eta oraingo euskal pertsona-izenak daude. Helburu nagusi hauek ditu datutegi honek: gurasoei laguntza ematea, haur jaioberriari euskal izen zuzena jarri ahal izateko; izena aldatu edota euskarazko idazkera zuzenera egokitu nahi dutenei informazio argigarria eskuratzea; izen baten nondik norakoak ezagutu nahi dituenarentzat datu-iturri oparo izatea; izen klasiko eta historikoen euskal aldaerak ezagutu edo erabili behar dituenari informazioa ematea.
Izenak hiru ataletan banatuta daude: emakumezkoak, gizonezkoak eta sexu-markarik ez dutenak, epizenoak, alegia.
Abizenak
Atal honetan, euskal deitura askoren egungo idazkera akademikoa eskaintzen da. Bildutako informazioa baliagarria izango da bere deiturak euskal idazkera zuzenaz ofizial egin nahi dituenarentzat. Oro har, informazio erabilgarria izango zaio, historian zehar erabilitako grafia-sistemak direnak direla, euskal deituren idazkera egokia zein den jakin nahi duenari.
Leku izenak
Atal honetan, hainbat toponimo biltzen da. Leku-izenen euskal idazkera emateaz gainera, izenen gaineko zenbait datu ere jasotzen da, hala nola geolokalizazioa, dokumentazioaren aipuak, ahozko ebakera eta izen ofiziala.
Euskal Herritik kanpoko izenei dagokienez, munduko leku-izen nagusiak ageri dira: estatuak, hiriak, ibaiak, uharteak, itsasoak, aintzirak, mendikateak, lurmuturrak, itsasarteak...