Nafarroako Parlamentuak adierazi du gaitzetsi egiten duela “Israelgo Estatua Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa”. Ongi da, baina ez da aski. Hitzak ez baitira aski genozidio bat geldiarazteko. Hitzak hutsalak dira Europan ez badago estaturik Israeli egiaz kontra eginen dionik. Hitzak hutsalak dira Israeli genozidioa burutzea ahalbidetzen dioten estatuz eta enpresaz beterik badago Europa.
Dagoeneko hitzak hutsalak direla uste dutenek Nafarroako Gobernua bestelako neurriak har ditzan premiatuko dute gaur arratsaldeko 6etan antolatu elkarretaratzean. Agian, hori baita bideetako bat, geure agintariak nola edo hala estutzea gaitzespen-hitz erosoetatik haratagoko neurriak har ditzaten behingoz, besteak beste, Israelekin dituzten harremanak oro eten ditzaten.
Nik, bestetik, Iruñeko Udalari hauxe eskatuko nioke: Yala Nafarroa plataformak txupinazoa jaurtitzeko bozketa irabazi ez arren, egin diezaiela toki bat haien ordezkariei udaletxeko balkoiren batean uztailaren 6an eta, txupinazoa bota zein ez, eman diezaiela baimena Palestinako bandera erraldoi bat zabaltzeko. Horrek ez du Israelen basakeria etenen, baina indar sinboliko handiko ekintza izanen litzateke munduan milaka eta milaka lagun Iruñera begira egonen diren une horretan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!