Sara Fantova: "Gurasoak akatsak dituzten pertsonak bezala ikusten hasten garen une hori islatzen du filmak"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko eka. 5a, 19:04

Malagako zinemaldian eta Bartzelonako DA jaialdian kritika onak jaso ondoren, Iruñean ikusi ahal izanen da lehenengoz 'Jone, batzuetan' Fantovaren opera prima. IPES-ek antolatutako Zinemaren eta Emakumeen 39. Nazioarteko Erakustaldian izanen da, ostiralean, 19:30ean Golem Baiona aretoan 

Ostiralean abiatuko da Iruñeko Zinemaren eta Emakumeen Nazioarteko Erakusketa, IPES Fundazioak eta Golem Zinemek antolatuta. Jaialdiaren 39. edizioari Sara Fantova zuzendariaren opera primarekin emanen zaio hasiera: Jone, batzuetan. Malagako zinemaldian eta Bartzelonako DA jaialdian kritika onak jaso ondoren, Iruñea izanen du lehenengo agertoki Euskal Herrian. 

Filmeko protagonistak, Jonek, bidaia bati ekingo dio film honetan. Gaztarotik helduarora doan bidaia bat,  lehenengo maitasun harremanen zirraratik eta etxe barruko zaurietatik igaroz. Zuzendariak nabarmendu bezala, “bizitzaz eta heriotzaz” hitz egiten du filmak, baita “gurasoak totem bezala ikustetik gizaki bezala ikustera pasatzen garen une horretaz”. 

Filmaren zati nagusia Bilboko Aste Nagusian grabatu zen, errealitatea fikzioarekin uztartuz. Zuzendariarentzat, talde teknikoarentzat zein aktoreentzat erronka bat izan arren, bilatutako zerbait zela argitu du Fantovak: “Jai giro horren energia interesatzen zitzaidan, Jonek bizi duen egoerari kontrapuntua jartzen dioena”.

Ostiralean arratsaldeko 19:30ean izanen emanen da filma Golem Baiona zinemetan eta zuzendaria bertan egonen da ikusleekin mintzatzen. Zinemaren eta Emakumeen erakustaldiak astelehenean jarraituko du aurrera, beste film askotarikoekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!