Aitziber Garmendia (Sortzen): “Nafarroako Gobernuak ez du interesik euskara Nafarroan zabaltzeko”

Euskalerria Irratia 2025ko eka. 2a, 18:39

Faltzesko 11 familiak ikastetxe publikoan datorren ikasturtean D ereduko lerroa irekitzea eskatu zuten eta Hezkuntza Departamentuak ukatu du eskaera toki falta argudiatuta

2024ko irailean Faltzesko 11 familiak eskaera egin zioten Nafarroako Gobernuari beren herrian D ereduko lerroak irekitzeko. Udalaren eta Doña Alvara Avarez ikastetxe publikoaren babesa izan zuten familia hauek, baina “Nafarroako Gobernuaren erantzuna isiltasuna izan da. Hurrengo ikasturteko eskola mapan ez zuten aldaketa onartu eta joan den astean Hezkuntza Departamentuarekin bilera egin eta gero, ikastetxean tokirik ez dagoela lerroa irekitzeko eta 2031-2032 ikasturterako ez dutela aurreikusten tokia izan dezaketenik”, adierazi du Aitziber Garmendia Sortzen Ikasbatuaz elkarteko kideak.

Hezkuntza departamentuak prozedura luzatu duela adierazi du elkarte honek eta epeekin jokatu egin dutela. 2019. urtean Gobernuak berak onartutako dekretu batek dio zortzi familiek eskatu ezkero, ahalbidetuko direla euskarazko ikasketak edozein ikastetxetan. “Gobernuak ez du inolako asmorik euskara Nafarroan zehar hedatzeko. Familia hauei Azkoiengo ikastetxera joateko gonbita egin die, bertan tokia dagoelako. Baina familia hauen nahia da euren seme-alabek herrian euskara ikastea. Haien eskubidea da”.

Irailean hasiko den ikasturterako ezinezkoa izango da euskarazko eredua Faltzesen zabaltzea. Horregatik, Sortzenek lanean jarraituko du herriko familiekin elkarlanean 2026-2027 ikasturtean helburua lortzeko.

Irrintzi Plazan Aitziber Garmendia Sortzen Ikasbatuaz elkarteko kidearekin hitz egin dugu Faltzesen gertatutakoaren inguruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!