Polizia indarkeriaren biktimen batzordeak beste 21 pertsonen kasuen aitortza egin du publiko, torturak pairatu zituzten beste 21 nafarren kasuak. 1980tik 2011ra bitartean, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren esku zirela torturak pairatu zituzten 21 nafar aitortu ditu txanda honetan Gobernuak. "Aitortutako kasuek berriro erakusten dutela Nafarroako torturaren errealitatea lazgarria dela, eta botere publikoek erantzukizunez heldu behar diotela gaiari. Erantzukizun publikoak nork bere gain hartu behar ditu, eta uste dugu Nafarroako Gobernuak, honi dagokionez, aurrera egin behar duela" adierazi dute ohar batean Torturatuen Sareak eta Egiari Zor ekimenek. Ardurak bere gain hartzeko uneari dagokionez proposamena ere egiten dute: ekainaren 26a, “Torturaren Biktimak Babesteko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna”, hain zuzen ere.
Frankismoa pasata, demokrazia garaian izandako 21 tortura kasuak izanik, eragileek "Tortura sistematikoki aplikatu dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan zehar" agerian geratu dela diote."Tortura ahalbidetu eta erabiltzeko prestaturiko egitura oso baten existentzia egiaztatzen dute. ´Zuzenbide-estatuaren´ lege-babesa izan duten gertakariak, oraindik bere osotasunean ezagutu gabe jarraitzen dutenak eta tratu hori jasan dugun pertsonak berriro biktimizatzen gaituztenak. Guzti honek argi erakusten duelarik tortura ´zuzenbide-estatu´ baten lege-babespean aplikatu dela" adierazi dute.
Batzordeak aitortutako tortura kasuak honako hauek dira:
Santi eta Juanjo Agirre Galartza anaiak, Espainiako Polizia Nazionalak anaia bakoitza bi aldiz torturatua (otsailean eta urrian) 1980an, eta beste behin Guardia Zibilak 1980an eta 1981ean, hurrenez hurren.
Santiago Sáez Maimón, Guardia Zibilak torturatua 1981ean.
Manuel Azkagorta Agirre, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1981ean eta 1984an.
Jaime Azcona Garriz, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1982an.
Metxe Gonzalez Portillo, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1983an.
Juan José Carrascosa Martínez de San Vicente, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1984an.
Elia Lara Martos, Espainiako Polizia Nazionalak bitan torturatua 1984an eta 1987an.
Pernando Barrena Arza, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1985ean.
Elena Urabayen Albizu, bi aldiz torturatu zuten, 1987an Guardia Zibilak eta 1990ean Espainiako Polizia Nazionalak.
Aitor Díez Aldama, hiru aldiz torturatu zuten ordezkaritza desberdineko hiru polizia-taldek: 1990ean, Guardia Zibilak. 1995ean, Ertzaintzak. 1997an, Espainiako Polizia Nazionalak.
Iban Verdugo Marcotegui, Guardia Zibilak torturatua 1997an.
Miguel Ángel Llamas Montoya, Guardia Zibilak torturatua 1999an.
Aiora Epelde Agirre, bitan torturatua: 2001ean eta 2003an, Espainiako Polizia Nazionalak.
Xabi Flores Bengoetxea, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2005ean.
Maider Caminos Miranda, Guardia Zibilak torturatua 2008an.
Iker Araguas Jusué, Mikel Marin Irurozki, Espainiako Polizia Nazionalak torturatuak 2008an.
Egoi Irisarri Alzueta, Eneko Villegas Amezketa, Espainiako Polizia Nazionalak torturatuak 2010ean.
Xabier Beortegui Martínez, Guardia Zibilak torturatua 2011n.