Mitxel Lakuntza (ELA): “Konfrontazioaren aldeko ereduarekin sektore feminizatuetan lortu ditugu emaitzarik onenak”

Euskalerria Irratia 2025ko eka. 6a, 13:30

Mitxel Lakuntza ELA sindikatu idazkari nagusi hautatu dute hirugarrenez sindikatuak Bilbon egindako 16. Kongresuan

Pozik agertu da Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuko idazkari izendatu berria. Afiliatuen %90aren babesarekin izendatu zuten hirugarrenez idazkari nagusi hurrengo lau urteetarako, astelehenean eta asteartean Bilboko Euskalduna Jauregian ospatutako 16. Kongresuan.

“Oldarraldi neoliberala ari gara pairatzen eta sindikatuen kontrako mezua zabaltzen ari da. Euskal Herrian ere. ELAk ordezkatzen duen kontrabotere eta konfrontazioaren ereduaren aurka jotzen ari dira gero eta gehiago. Eta arrazoia da gure sindikatuak 104.000 afiliatu dituela eta ordezkaritzaren %36a Euskal Herrian. Horren indartsu bagaude kalean gaudelako eta grebaren alde egiten dugulako da”, azaldu du Metropoli Forala saioan Mitxel Lakuntzak.

“Prekarietatea zabaltzen ari den momentu honetan guk grebaren alde egiten dugu. Horrela bakarrik lortuko ditugu langileen lan baldintzak hobetzea. Okerren dauden sektoreetan eta eremu feminizatuan lortu ditugu emaitzarik nabarmenenak konfrontazioari esker”. ELAri greba gehiegi egitea leporatzen dietenei, Lakuntzaren erantzuna garbia izan da: “Gure ereduaren kontrako kontakizun bat asmatzen ari dira. Guretzat greba ez da lehenengo aukera. Egoera horretara iristeko bilerak eta negoziazioak izaten ditugu. Baina negoziatu bitartean ez bagaude kalean eta presioa sartzen ez badugu, emaitzak eskasagoak izango dira”. Patronala eta EAJ aipatu ditu kontakizun horren sortzaile bezala.

Ezkerreko alderdiei aldaketak eskatu dizkie ELAko idazkari nagusiak. “Bestelako ezkerra bat behar dugu. Kritikoak gara gaur egun, oro har, ezkerrak duen paperarekin. Ezin da egungo oldarraldi neoliberala ontzat ematen dituen alderdiekin adostu. Akordioak lortzeko eskuineko alderdiengana hurbiltzearekin ez gaude ados. Benetako alternatiba bat planteatzen dugu”. Horren adibidetzat EH Bilduk Nafarroan hartu duen estrategia jarri du Lakuntzak. Fiskalitatean aurrera pausoak ez direlako eman, “Bartzinaren gobernuak zituen politika berdinak daude oraindik ere indarrean”.  Aurrekontuetako akordioak eskasak direla ere nabarmendu du. “Korralito foralean kokatzen ziren Comisiones eta UGTri dirulaguntzak handitzen dizkiete urtetik urtera”. Euskararen sustapenean ere politikak ez direla martxan jarri salatzen du ELAk.

“Eskuina gehiago estutu behar da. Alternatiba bat planteatu behar da. Eta sindikatuekin elkarlana egin. Guk erresistentzia kutxa dugu, baina ez dugu erresonantzia kutxarik erakundeetan”. Ezkerreko alderdi berri bat sortzearen beharraz galdetuta, Mitxel Lakuntzak argi utzi du ELAk ez duela hori eskatu. “Ez gara sartzen eskema alderdikoietan. Guk politikak aztertzen ditugu. Ezkerretik bestelako jarduera bat egin behar da erakundeetan”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!