Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari Imanol Pradales Nafarroako Jauregian hartu zuen atzo Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari Maria Txibitek. Biok arteko harreman instituzionala aliantza estrategiko moduan aldarrikatu zuten biok ala biok, onura komuna lortzeko bidean.
Pradales Gernikan karguaz jabetu eta bi hilabetera iritsi da bisita, EAEko lehendakariak berak eskatuta. Esan gabe doa Hego Euskal Herriko bi lehendakarien arteko topaketak, protokolarioa izanagatik ere, zama sinboliko handia zuela. Apika horregatik, Pradalesek bi erkidegoen arteko lotura historiko, ekonomiko eta sozialak nabarmendu eta gero, Txibitek gogora ekarri zituen Nafarroak Aragoirekin eta Errioxarekin dituen harreman “analogoak”, baita “errespetu instituzionala” ere, 2013an Eduardo Vall Iruñeko zinegotzi sosialistak famatu zuen kontzeptua.
Edonola ere, bi erkidegoen arteko kolaborazioa egitate iraunkor bat da, Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu lehendakariek 20215ean elkarlan hitzarmena sinatu zutenetik. Atzo iragarri zutenez, datozen hilabeteotan akordio berri bat sinatuko dute.
Bistan da EAEk eta Nafarroa Garaiak interes komunak dituztela autogobernuan, osasun alorrean, ekonomiaren garapenean zein hizkuntza politikan. Azken horri dagokionez, Txibite euskara “hizkuntza bizia” izatearen alde mintzatu zen, baina euskaltzaleen itxaropenak hoztuko zituen “errealitate soziolinguistikoa errespetatuz” haren ohiko esamoldea gehitu zuen.
Jakin-mina piztu zuen, halaber, bi agintariok Abiadura Handiko Trenaren inguruan zein nolako jarrera hartzen zuten ikusteak. Biok AHTaren alde daude, biok euskal Y eta Nafarroa Garaiko tartea lotu nahi dituzte, baina ez dago horren argi EAEren eta Nafarroaren arteko lotura hori nondik egin nahi duten, Gasteiztik ala Ezkiotik. Atzo ez zuten haien apustua zehaztu. Horren ordez, Espainiako Gobernuari bi aukeren inguruko txosten teknikoak ahalik eta lasterren egiteko eskatu zioten, erabakia oinarri sendoen artean hartu ahal izateko.