Eskirozko BSHko langileen %78k berretsi dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako aurreakordioa

Maialen Huarte Arano 2025ko uzt. 22a, 08:35

Atzo, BSHko langileek aurretik lan batzordeak, UGTk, Comisiones Obrerasek, Attisek eta Solidarik, erdietsitako aurreakordioa berretsi dute. Langileen %78eko babesa du aurreakordio horrek. LABek eta ELAk ez dute babestu.

Bozkatzera deitutako beharginen %91k parte hartu dute: 475ek bozkatu dute alde, eta 127k kontra. Alemaniako taldeak azaroaren 30ean kaleratuko ditu 50 urtetik beherako langileak, eta abenduaren 31n gainerakoak. Azkenean, 609 langilek bozkatu dute, eta hain zuzen ere horiek dira datozen hilabeteetan lan erregulazioko espedientean sartuko direnak

Langileen batasuna, azken unera arte

Langile guztiak zeuden deituak bozkaketara: lanean dihardutenak eta mediku-bajan edo lekualdaketa egin dutenak ere bai. Ez dute inor albo batean utzui nahi, hain zuzen, Juanjo Hermoso de Mendoza lan batzordeko ordezkariak nabarmendu zuen, zazpi hilabete luzeko prozesu krudelean bat eginda izan direla guztiak.

Ez dago dena galduta oraindik. Lantokia berrindustrializatzeko aukera irekirik egonen da urtea amaitu arte bederen. Hermoso de Mendozaren arabera, «bospasei enpresak interesa azaldu dute», baina bakar batek ere ez du aurrerapausorik eman oraindik: «Enpresa bakoitzak bere erritmoa du, eta espero dugu aukeraren bat gauzatuko dela. Oraingoz, baina, ez da halakorik gertatu, eta ez dago lantokia bere gain hartzeko prest dagoen inor».

Datozen pausuak

Gaur goizean goiz bilduko da langile batzordea, zer urrats egin aztertzeko eta enpresari bozketaren berri emateko. Bihar, langileen ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin bilduko dira 10:00etan, «berrindustrializazioaren bidearen inguruan lan egiteko, eta aurrera egiteko».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!