“Federazioak atletak presionatu ditu, ez dezaten sinatu Espainiako Armadaren lasterketaren aurka”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 26a, 13:53

  • Nafarroako Atletismo Federazioko presidente Rodrigo Dominguezek hainbat korrikalariri pertsonalki deitu diela salatu du San Cristobal Xtrem lasterketaren aurkako agiriaren bultzatzaile Imanol Kañamaresek.
  • Lasterketaren antolatzaileak, America 66 Erregimentuak, Asturiasko Valdedios komentuko sarraskian parte hartu zuela ekarri du gogora Fernando Mendiola NUPeko Historia irakasleak.

Hirurehundik gora kirolarik sinatu dute Espainiako Armadako America 66 Erregimentuak antolaturiko San Cristobal Xtrem lasterketaren aurka, Nafarroako Atletismo Federazioak proba NavarCross Kopan sartu duela eta, puntuagarri moduan. Sinatzaileen artean Maitane Melero, Atarratze Rota eta Xabier Zarranz bezalako goi mailako kirolariak daude.

Sinadura bilketaren bultzatzaile Imanol Kañamares atletak Euskalerria Irratian salatu duenez, federazioko presidente Rodrigo Dominguezek bera eta beste zenbait atleta presionatu ditu sinadura erretira dezaten, pertsonalki telefonoz deituz.

“Esan digu ezin duela proba bat bazterrean utzi ideologia arrazoiengatik, federazioak neutrala izan behar duelako, eta sinadura erretiratzeko eskatu digu”, azaldu du Kañamaresek. Neutraltasuna aldarrikatzen duen Rodrigo Dominguez federazioko presidentea militarra da lanbidez, zehazki guardia zibila.

Rodriguezen presio hori ez da zernahi, aintzat hartuz atletentzat bai bekek bai marken babesletzek zein nolako garrantzia duten: “Ez dut izenik eman nahi, baina bistan da zure izena prentsan agertzen bada segun zein aldarrikapenekin lotuta, bekak eta babesletzak gal ditzakezula. Bada horregatik agiria sinatu ez duen atletaren bat”.

Edonola ere, 300dik gora korrikalarik agiria sinatzeari eusten diote. “Federazioaren argudioak ez dira onargarriak”; izan ere, irteera zein helmuga Aitzoaingo kasernan duen eta ekainaren 15ean egitekoa den San Cristobal Xtrem lasterketak “indar armatuei zilegitasuna ematea bilatzen du, eta hori gatazka belikoen testuinguru honetan guztiz onartezina da”, salatu du Kañamaresek. “Horregatik eskatzen diogu federazioari kopatik ken dezan”, gaineratu du.

Fernando Mendiola: “America 66 Erregimentuak hainbat sarraskitan parte hartu zuen”

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia irakasle eta Memoriaren Bideak elkarteko kide Fernando Mendiolak America 66 Erregimentuaren historia ekarri du gogora, Euskalerria Irratian: “Hogeita hamaseiko gerran, iparreko kanpainan parte hartu zuten, Mola jeneralaren agindupean. Gipuzkoatik abiatuta, hainbat errepresio ekintzetan, hainbat sarraskitan parte hartu zuten”.

Sarraskirik krudelenetako bat, Asturiasko Valdediosko komentuan gauzatu zuten. “Han gerra garaian ospitale militar bat jarri zuten, Errepublikaren Armadarena. America 66ko kideek hartu zutenean, jai bat antolatu zuten. Erizainak haiekin afaltzera eta dantzatzera behartu zituzten. Jarraian, tragedia iritsi zen, erizainak bortxatu eta erail egin baitzituzten”. Mendiolaren arabera, “gizarte zibilaren aurkako sarraski hura asturiarren memoria kolektiboan iltzaturik geratu da”.

Bestalde, NUPeko irakasleak oroitarazi du Espainiako Armada jada 2014an saiatu zela America 66 Erregimentuaren irudia zuritzen, haren 250. urteurrenaren kontura Iruñeko Ziudadelan egin zuten erakusketaren bitartez. “Erakusketari jarri zioten izenburua guztiz adierazgarria da: 250 urte Espainiaren zerbitzura. Dena esaten du. Espainiaren ideia hori Armadaren unitate horrek egindakoarekin identifikatzen du, inolako autokritikarik gabe, giza eskubideen aurkako iragan hori goraipatuz”, salatu du.

“America 66 Erregimentua, eta Espainiako Armada oro har, Amerikan indar armatu koloniala izan zen eta Primo de Riveraren eta Francoren diktadurak sustatu zituen, gizarte zibilaren aurkako errepresio bortitzaren bitartez”, laburbildu du Mendiolak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!