Iosu Galech: “Urte askotako lana eta gero, lehen mailan epaile aritzeko ametsa betetzea lortu dut”

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 1a

Hurrengo denboraldian lehen mailako futbol epaile izango da Iosu Galech iruindarra. “Prestakuntza fisikoaz gain, ordu asko sartzen ditut taldeen jokatzeko modua eta partidak berrikusten”

Sei urterekin futbolean jokatzen hasi zen Iosu Galech iruindarra. Bere aita futbol-zale amorratua da eta futbol partidak elkarrekin ikusten zituztenean, txantxetan esaten zion epaile aritu behar zela, erraztasuna zuelako jokaldiak ongi irakurtzeko. Aitari kasu egin eta 12 urterekin epaile izaten hasi zen. 22 urte geroago, futboleko mailarik gorenean arituko da.

Pozik hartu zuen Iosu Galechek maila igoeraren berria. “Urteetan hainbeste lan egin eta gero, amets bat izan da niretzat”, esan digu Guardasola saioan egin diogun elkarrizketan. Epaileen Federaziotik deia jaso zuenean bere emaztearekin zegoen. Jarraian publiko egin ziren izendapenak eta hortik aurrera hamarnaka mezu eta dei jaso zituen. “Besarkada handia eman nion emazteari eta jarraian nire gurasoei deitu nien. Banekien goiz horretan jakinaraziko zirela lehen maila igoko ziren epaileen izenak eta gertukoak nire berrien zain zeuden”.

Azkeneko sei urteetan bigarren mailan aritu da epaile lanetan. “Oso azkar pasa zaizkit. Bigarren maila oso polita da, talde historiko asko daude, maila handia dago eta ez da batere erraza asmatzea zer gertatuko den, taldeen artean ez daudelako hainbesteko desberdintasunik”.

Orain salto handia egingo du Iosu Galechek, batez ere komunikabideei begira, egiten duen guztia epaitua izango delako. Kategoria igoera honek prestaketetan aldaketak ekarriko ote dituen galdetuta, “pertsona lasaia naiz, kritikak ongi gestionatzen ditut. Egia da lehen mailan zarata gehiago dagoela, baina lanarekin eta kontzentrazioarekin ongi moldatuko naizela uste dut”, adierazi digu.

Epaileen alorrik gogorrena, harmailetatik jasotzen dituzten kritikak dira. “Egun txarra dudanean etxean psikologo lanak egiten dizkidate”, esaten digu broma artean. “Maila altuenetan epailea babestua dago, kezkagarriena da harrobiko futbolean gure kontra dauden jarrerak, batez ere gurasoen aldetik”.

Epaileen artean erreferenteengatik galdetuta, Alberto Undiano Mallenco nafarra aipatzen du. 2003an ezagutu zuen Nafarroako epaileen komitean. “Federazioan lan handia egiten ari dira azkeneko urteetan eta uzta jasotzen ari gara. Lehen eta bigarren mailan epaileak izango ditu Nafarroak hurrengo denboraldian”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!