2005. urtean euskarazko komikigintzan ez zegoen tokirik gazteentzat. Ipurbeltz aldizkaria argitaratzen zen umeei eskainita. Gazte eta nerabeen irakurzaletasuna bultzatzeko proiektu bila zebilen Ikastolen Elkartea. Eta Dani Fano ilustratzaileari egin zioten aldizkari bat sortzeko proposamena.
Ilusioz eta beldurrez ekin zioten bideari. Aldizkariaren edukiak asko aldatu diren arren, hasierako planteamendu berarekin jarraitzen dute gaur egun ere. Urtean lau ale argitaratzen dituzte eta urtean behin aldizkarian argitaratzen joan diren historia batzuk album batean biltzen dute. Horrela, 76 zenbaki eta 19 album kaleratu dituzte. Ehunka istorio, milaka bineta eta hainbat pertsonaia kuttun, tartean, Arranotxu, Haur Besoetakoa edota Lolita. Albumen artean Irati izan zen lehendabizikoa. Argitaratu eta 18 urtetara, oraindik ere saltzen dituzte aleak. Azkenekoa berriz, Maurizia pandero-jole ezagunaren ingurukoa.
Guardasola saioan Dani Fano ilustratzaile eta Xabiroi aldizkariaren koordinatzailearekin hitz egiteko aukera izan dugu, argitalpenaren ibilbidea errepasatzeko eta etorkizunaz ere mintzatzeko.