Euskaraz barra-barra mezuak euskararen etengabeko erabilera islatzen du. Hori da markaren izena, lelo ere bihurtuta. Markaren izaera, muina, oinarria ideia argi batek barnebiltzen du: euskaraz uneoro eta nonahi egin daiteke, edo onomatopeiak sinonimo dituen hitzek dioten bezala: maiz, sarri edota etengabe. Marka ezartzen duten establezimenduetan, gogoratu, bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatuta izango dute; izan ere, ikur berri honek adierazten du Barra-barra ikusgai dagoen establezimenduetan, gutxienez, ulermena bermatuta egongo dela irekita dagoen une oro.
Euskaraz barra-barra-ren koordinazio mahaia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Era berean, koordinazio mahaiaz gain, Euskal Herriko erakunde publiko zein pribatu ugarik, tokian tokiko euskara batzordeek eta hamaika boluntario eta entitatek ere osatzen dute egitasmoaren antolakuntza. Sare zabala ari da ehuntzen eta Euskal Herri osora zabalduko da pixkanaka.