Hiru egun besterik ez dira falta Hatortxu Rock jaialdiak azken doinua abiatzeko. Uztailaren 24tik 27ra bitartean Lakuntza bihurtuko da ezenatoki erraldoi eta horretarako prestaketa eta auzolanean buru belarri daude.
Muntai fisikoaz harago, tartea izan dute etorkizunari begira jartzeko: "gaur egun euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoek dituzten beharrak mahai gaineratu nahi izan ditugu". Etxerako bidea hasita, etxera itzultzen direnen bidea bistarazi nahi izan dute 'Inoiz egon ez zaren lekuetara itzultzeko' film laburraren bitartez. Nabarmendu dutenez, "harrera duin bat egiteaz ari gara, egunerokoan aurrera egiteko baliabideak eta sarea bermatzeaz alegia".
Hirugarren graduan dagoen presoa haragitu du Iñake Irastortzak. Karla Ruizek ilobaren papera hartu du. Mendira doaz elkarrekin, harrera egoeraren gorabeherak hizpide. Irastorzak azaldu duenez, egoera horretan dagoen presoa “gailur batean bezala, aurrean amildegi bat duela” imajinatzen du, bere “beldur, duda eta antsietatearekin”.
Hatortxuko komunikazio taldeko Jon Sesma ibili da ikus-entzunezkoaren atzetik. Jaialdiaren filosofiarekin bat eginik auzolanean eta borondatez atera dute aurrera lana, ekoizpenetik hasita, gidoira eta grabaketaraino.
Antolakuntzatik eskerrak eman dituzte beste behin, "indibidualismoek indar hartzen duten garai hauetan Hatortxu Rockeko kideok badakigulako badirela norberarena ez diren zilborrak ere".
Eragileak ere, etxeratzearekin bat
Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko garaia dela azpimarratu dute 22 eragilek Lakuntzan aurkeztutako manifestu baten bitartez. Uztailaren 27an 13:00etan egingo den ekitaldi nazionalera deitu dute eta musika eta elkartasun jaialdian, presoak etxeratzeko aldarria egingo dute.
Horretarako, ezinbestekoa izango dute azken aldi batez bederen, auzolana. 7049 txanda dira bete beharrekoak eta ezinbestekoak dira azken jaialdi hau aurrera eramateko. Aplikazioa, webgunea edota WhatsApp zenbakiaren bitartez eman daiteke izena (722 14 57 48).
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!