Argitxok zabaldu zuen atzo Oinez Txokoa euskararen aldeko txupinazoarekin. Takonerako espazioa oasi bat da festa erdian. Bermuterako gune aproposa edota kontzertuez gozatzeko ere. Maider Nuin Paz de Zigandako zuzendariaren hitzetan, 900 txanda inguru beteko dituzte egunotan. Ostalaritzan, muntaketan, grafismoan… askotariko alorretan beharrezkoa da auzolana Oinez Txokoa aurrera eramateko. “Sare bat gara, aurten Paz de Zigandari tokatu zaigu, baina guztion lana da”, adierazi du Nuinek.
Askotariko egitaraua osatu dute, familia eta gazteendako proposamenekin. Gainera, aurten Euskarabenturaren bisita izango dute. Aurtengo beste nobedade bat Makusi Gunea da, Takonera parkean jarri dute espazioa lehen aldiz. “Euskaraz izateaz gain plataforma ziurra da gurasoak lasai egon daitezen, balore batzuk zabaltzen dituzte”, azaldu du Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak.
Lehenengo aldiz pantailetatik atera eta Makusi Gunea jarri dute Takoneran: “Saiatzen gara plataforma ez den beste gauza batzuk antolatzen umeek euskarazko espazioak izan dezaten eta euskarazko edukiak ikus dezaten”. Izan ere, euskarazko espazioak sanferminetan eta egunero beharrezkoak direlako, “umeak gure etorkizuna dira eta hori ere zaindu behar dugu”.
Makusi Plataformak dagoeneko 54.000 harpidedun ditu eta hilero 100.000 ordu baino gehiago kontsumitzen dira.