'Berridatz ditzagun jaiak' izango da festetan eraso sexisten aurkako Gobernuaren leloa

Iosu Ganuza García 2022ko mai. 30a, 11:59

Berdintasunean oinarritutako jaiak eskatzeko lelo hori hautatu du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak. 

Festen itzulerarekin eraso sexisten aurkako kanpainak indartzen dituzte erakundeek. Horiek aurkezten lehena Nafarroako Gobernua izan ohi da eta gaur iragarri dute Berridatz ditzagun jaiak kanpaina. Foru agintaritzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bidez sustatuko du eta udalei helaraziko die materiala. 

Bi urteko etenaren ostean herri, hiri eta auzoetako festak bueltan dira eta horiek "berdintasunean" bizitzeko gonbitea luzatu du Nafarroako Gobernuak. 

Bideo spotaz gain sare sozialetarako eta kartel euskarriak sortu dituzte. Kartelean hiru emakume eta bi gizon ageri dira. Bakoitzak gorriz idatzitako mezu bana erakusten du eskuan. Emakumeetan lehenak "Etxera itzultzean seguru sentitzea" erakutsiko du, "Nire buruarentzako denbora izatea" bigarrenak eta "Jazarpenik sentitu gabe gozatzea" hirugarrenak. Gizonek aldiz "Matxismoa soberan dago" eta "Soilik bai da bai" mezuak erakutsiko dituzte, parekidetasunean oinarritutako harremanak aldarrikatuta.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Eva Isturitzek, Nafarroako gizartea deitu du gizon eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritutako jai-eredu berri baten aldeko konpromisoa hartzera. Azaldu duenez, "jaietan genero-desberdintasunak pilatzen eta areagotzen dira: erasoak, genero-estereotipoak, gizonen nagusitasuna jai-ekitaldietan, enpleguen eta zainketen banaketa sexuala...".

Horregatik herritarrak deitu ditu "jai eredu berri hori" sustatzera. Kanpainak emakumeen askatasuna aldarrikatu eta mikromatxismoak kritikatzen ditu. Lehenengo gaiari dagokionez (mugitzeko askatasuna, osotasun fisikoa, larderia, etab.), Isturitzek jai-eremu anitzak, berdintasunezkoak eta seguruak defendatu ditu, ezezagunek zein ingurukoek eragindako indarkeriarik gabekoak.

"Alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak eragin desinhibitzailea izan dezake, baina inoiz ez da justifikaziorik izango indarkeria-ekintza baterako edo emakumeak sexu-objektu huts gisa tratatzeko" salatu du. "Errespetuan oinarritutako eta sexu-erasorik eta jazarpenik gabeko jaiak nahi ditugu" aldarrikatu du Isturitzek, ginaeratuta "emakumeek eskubidea" dutela "etxera bakarrik itzultzeko, komenigarritzat jotzen dituzten baldintzetan".

Gogora ekarri ditu azkenik Nagore Laffage eta Manada auziko biktimak eta eraso bortitz horien aurrean "herritarrek emandako erantzun ozena". 

Parekidetasun arloan gainera zenbait datu plazaratu ditu gaurkoan NABIk. Adierazi dute astean zehar emakumeek bataz beste gizonezkoek baino 43 minutu aisialdi gutxiago dituztela eta 65 asteburuan, eta desberdintasun hori opor eta ospakizun garaian areagotzen dela. Horregatik ikusten ez den diskriminazio mota horren aurka lan egiteko eta aurrera egiteko deitu dute. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!