Egun on:
Euskararen egoera, zapalkuntza baten ondorio dela esatea garrantzitsua da, kontzeptua erabiltzearekin bakarrik, inguruan ditugun hizkuntzekin euskarak duen harreman toxikoaren benetako aurpegia isladatzen duelako. Zapalkuntza esatea lehen baldintza da, bai, baina ez da, bere horretan, nahikoa, behar-beharrezkoa delako zapalkuntza horri ñabardurak eranstea, etiketak, hala nola, egiturazkoa dela, eta nazionala, eta nazio osoari eragiten dion sistema suntsitzaile baten adierazlea baino ez dela.
Hizkuntzari gertatzen zaiona zapalkuntza gisa izendatzea, horren bidegabekeria salatzea, eta egoera gainditzeko aldarrikapena egitea, baina independentzia nazionala lortzearen baldintzari estuki lotu gabe, betiko diskurtso inozo eta arriskutsua da, konfrontazioaren tonu handiagoa eman nahi bazaio ere.
Izan ere, independentzia lortu gabe euskararen aldeko egitura politikoak posible direla ematen du aditzera, eta hori ez baita egia, esperantza sortu egiten du, batere ez dagoen tokian. Gainera, sistema zuritzen du, barne-erreformismoaren aukera iradokiz, edo guretako demokrazia falta defizit kontua baino ez dela.
Eta nagusiki: benetan hartu beharreko bide egokitik desbideratu egiten du jendearen norabidea, betiko zirkulu eroaren tranpan eroriaraziz: bidegabekeriatik ekintza heroikoetara, heroikotasunetik soluzio irrealen ilusiora, ilusiotik (hiper)aktibismora, aktibismo antzutik porrotera, eta porrotetik demoralizaziora.
Ez gaude energia xahutzeko. Bil eta gorde dezagun, behar dugun botika eraginkor bakarraren bila abiatzeko.