Eider Garde (0-3 Plataforma): “Negoziazio mahaian onartu gaitzatela nahi dugu”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 2a, 10:29

Greba mugagabea abiatu dute Nafarroako 43 haur eskoletan gaur. Sarrigurengo Malkaitz haur eskolan egin dute lehenengo protesta, ezarri dizkieten gutxiengo zerbitzuak salatzeko.

Gutxiengo zerbitzuen “adibide arriskutsu” bat da Malkaitz haur eskola. “Ezar zezaketen arriskutsuena”, 0-3 Plataformako kide Eider Gardek Euskalerria Irratian salatu duenez.  

Zein da arriskua?

Ezarri dutena da hezitzaile bat bi unitateko, eta horrek ezin du bermatu segurtasun minimo bat haurrendako. Oso arriskutsua da, eta hezitzaile horrek ezingo du gutxiengo bat eskaini. Gertatzen dena da arautzen gaituztenek, kasu honetan argi gelditzen den bezala, ezezagutza handia dutela egiten dugun lanarekiko eta uste dutela DBH edo DLH-eko haurrak bezala izan ditzakegula greba batean 0-3ko haurrak. Eta hori ez da bidezkoa eta hori salatu behar da.

Nolakoa izan da gutxieneko zerbitzuen negoziazioa?

Gogorra. Egia da udalek ez zekitela nondik abiatu. Federazioak adibidezko ebazpen bat helarazi die udalei eta udal batzuk hartu dute ebazpen hori, nolabait ukatu egiten duena langilegoaren greba eskubidea. Ebazpen horretan agertzen diren baldintzek ez dute ahalbidetzen eskolan inor faltatzea. Bestalde, badaude beste udal batzuk gelak ixtea erabaki dutenak, eta ez da ahalbidetzen familien eskubidea haur eskola zerbitzua izateko. Eta besteetan Malkaitzeko kasuan bezala, greba eskubidea ahalbidetzen da, zerbitzuaren ireki eramaten da, baina haurren eskubideak, hezkuntzarako kalitate minimo batean edo baldintza minimo batzuetan hezkuntza jasotzeko eskubidea urratu egiten da. Hortaz, nolabait plazaratzen ari da etengabe salatzen ari garena, urte osoa gaudela gutxieneko zerbitzuetan lanean.

Duela sei hilabete bederatzi haur eskoletako langileak zeuden prest grebara jotzeko. Gaur 43 haur eskola dira.

Horrek babesa ematen digu Navarra Sumak eta PSNren pasa den asteko akusazioen inguruan. Zilegitasuna kentzen digute, ez dute uste plataforma negoziatzeko kide bat izan behar duenik eta gu demostratzen ari gara sei hilabetetan zer-nolako indarra hartu dugu Nafarroan. Esan beharra dago gaurkoan 43 garela, baina badaudela beste haur eskola batzuk egoera aztertzen ari direnak. Esan genezake ia-ia Nafarroako haur eskolen erdia gaudela greban.

Greba mugagabea da. Bertan behera uzteko zeregin beharko luke Nafarroako Gobernuak?

Behin eta berriz errepikatzen ari garen azkeneko hilabeteetan. Mahai bat sortu non plataforma kide aktiboa izango den eta gure aldarriak entzungo diren. Oraingoz ez gaituzte nahi. Egia da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ikusten duela plataforma mahai horretan egon behar duela. Baina egia da nafar gobernuak ez duela inolako intentziorik gu mahai batean onartzeko. Hortaz, eskatzen dugun bakarra da lan egiteko mahai hori, helburu eta eduki konkretu batzuekin, egutegi baten baitan.

Carlos Gimenoren azken adierazpenek hori erakusten dute.

Ez dago grebari balioa emateko prest, ez. Berak izan du epez kanpo datorren greba bat dela. Hau ez dela bidea. Mesedez, Gimeno jauna, esaiguzu zein den bidea. Saiatu gara beste bideak hausnartzen eta berak ateak itxi dizkigu etengabe. Bera izan da lehenengoa. Orduan ez dugu ulertzen nola gaurko egunarekin esaten duen greba epez kanpo datorrela. Greba gure azkeneko baliabidea zela behin eta berriz ere esan dugu, eta beraiek utzi dute egoera puntu honetara iritsi arte.

Gaur lehenengo protesta Sarrigurenen eginen duzue. Hemendik aurrera, zer eginen duzue?

Ostegunean Parlamentuan egongo gara egun osoa, goizetik arratsaldera arte. Bestela aste hontan zonaldeka antolatuko gara, gure egoeraren berri emateko. Gaurkoan ere batzar bat ospatuko da, eta batzar horretan beste lankideen ideiak entzungo dira datorren asteari begira zer egin erabakitzeko. Larunbat honetan, gainera, manifestazio zaratatsua egongo da Iruñean.

Argazki: Steilas sindikatua

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!