COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zaintza krisia. Azken egunotako salaketarik nagusienetako izan da; bereziki, mugimendu feministaren mobilizazioetan. Zaintza lan publikoak eskatu dituzte feministek, eta hala eginen dute gaur sindikatuek ere.
Zaintza lanen pribatizazioaren eta prekarietatearen adibide garbiena dira zahar etxeak. Nafarroan 72 egoitza eta zahar etxe daude, eta horietatik bi baino ez dira publikoak. 4.500 pertsona baino gehiagok egiten dute lan sektorean, ia denak emakumeak. Soldata baxuak dituzte, ordutegi luzeak eta ratioak handiegiak dira behar bezala artatzeko egoiliarrak.
Hori aldatzeko asmoz, iazko maiatzean, duela 10 hilabete, sektoreko lehenengo lan hitzarmena negoziatzen hasi ziren ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuak, patronalekin eta Nafarroako gobernuarekin. Akordiorik ez dute lortu, eta gaur grebara deitu dituzte langileak, berriro. Goizeko zazpietan hasi da lanuztea.
Lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu dute sindikatuek. Otsailaren amaieran izan zenuten azken bilera, eta patronalaren jarrera hasierakoa izaten jarraitzen du.
“Tamalez ez da izan inongo mugimendurik, eta patronalak bere horretan jarraitu du negoziazioa blokeatzen. Halaber, gobernuak bere horretan jarraitzen du beste alde batera begiratzen”, ziurtatu du LAB sindikatuko Joseba Pagolak.
Datorren astean izanen dute hurrengo bilera. “Berdina aldarrikatzen jarraituko dugu; lan baldintza duinak eta pauso garrantzitsu bat ematea negoziazioan, benetan oinarrizkoak diren hobekuntzak egiteko sektorean”.
Gaur kalera eramanen dituzte aldarrikapenak. Baina, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu du Pagolak: “Ia %100koak dira, greba eskubidea urratzen ari zaie”. Gaur arratsaldeko seietan manifestazioa eginen dute, autobus geltoki zaharretik; eta herritarrak bertaratzera deitu dituzte. “Lan baldintzez gain, zerbitzuaren kalitatea dago jokoan”, ohartarazi du.