Miren Zabaleta: "Bere burua aldatuz Euskal Herria aldatzeko gaitasuna erakusten ari da ezker abertzalea”

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 3a, 11:46

>“Euskal Herrian bada heldutasun nahikorik [biktimen] zauri horiek guztiak ixteko eta akuilu izateko etorkizun berri bat eraikitzeko”.
>“Estatuak [presoen] sarraila noizbait irekiko badu izanen da ulertzen duenean Euskal Herriak bere askatasunaren bidea ez duela geldituko”.

 

Urriaren 11n atera zen Valladolideko espetxetik Miren Zabaleta, Bateragune auziaren karietara sei urteko espetxe zigorra osorik bete eta gero. Zabal eta luze mintzatu da Euskalerria Irratiarekin. Oraindik lurrartze prozesuan dagoela esan digu, sei urtean gauzak asko aldatu baitira euskal politikan, baita eguneroko bizimoduan ere: sakelako telefono adimentsuekin eta whatsapp-a bezalako aplikazioekin eroturik dabil.

 

“Badago esaera bat preso arruntek asko erabiltzen dutena eta egia biribila dena: espetxeak bizirik dagoen jendearen hilerriak dira”

 

Gure Irrintzi Dorreko terrazara atera zara, Iruñerriko bistak gozatzera. Espetxean, urrutira begiratzerik ez.

Ikusi dudan lehen gauza Iruñeko espetxe berria izan da, beraz nire bistak ez du aldaketa handirik sumatu gaurko honetan. Baina zoragarria izan da Iruñerria goitik ikusi ahal izatea, eta hego haizea aurpegian sumatu ahal izatea. Espetxean halakorik ez.

Nolako moduluan zinen?

Azkeneko bost urtean Valladolideko espetxean eman ditut. Han emakumeen modulua gizonezkoena baino askoz txikiagoa da. Zulo bat da. Zulo horretan 7 pauso bider 11 pausoko nolabaiteko patioa dago. Eta horrek eragotzi dit azkenengo bost urteetan ilargia bera ikusteko aukera izatea edo haizea sentitzeko aukera izatea.

Zenbat emakume zineten modulu horretan?

Modulu horretan euskaldun bakarra ni izan naiz azkenengo bi urteetan, eta horretaz gainera han 40 emakume egotera iritsi gara. Kolonbiako eta Latinoamerikako espetxeak agertzen direnean telebista saioetan, Encarcelados eta halakoetan, sekulako eskandaluak izaten dira. Nire buruari galdetzen nion ea nola den posible bere burua lehen mundukotzat duen herrialde batean oraindik holako zulo masifikatuak izatea, bereziki emakumeen kasuan.

Salhaketa bezalako taldeek askotan salatu dute emakume presoak egoera are okerragoan daudela.

Ziurrenik krisi ekonomikoarekin asko nabaritu da espetxe barruetan egon den emakumeen tipologiaren aldaketa. Dirurik ez daukanak arrisku handiagoa dauka espetxean amaitzeko, horrek dakarren guztiarekin.

Zer dakar?

Nik beti izan dut nolabaiteko kontzientzia soziala, edo gutxituak, marjinatuak eta zapalduak daudenekiko nolabaiteko begirunea, baina urte hauetan ikusi dudana askoz latzagoa izan da. Marjinaltasun kuotak izugarri handitu dira. Gizakien nolabaiteko zabortegiak dira espetxeak. Badago esaera bat preso arruntek asko erabiltzen dutena eta egia biribila dena: espetxeak bizirik dagoen jendearen hilerriak dira. Emakumeen kasuan, are gehiago. Hilerrian sartu eta giltza botatzen dute.

Esan didatenez, gainontzeko presoentzat abokatu lana egin duzu.

Euskal preso politiko bezala asko dira Auzitegi Nazionalean espetxezaintzako epailearen aurrean jarri ditudan helegiteak, baina asko dira ere han ezagutu ditudan preso sozialen egoerari aurre egiteko egin ditudan paperak eta mugitu ditudan kontuak.

 

“Ordura arteko bideek blokeoa eragin zuten (…) Argi genuen konfrontazioaren parametroak aldatu behar genituela”

 

Urriaren 11n atera zinen espetxetik. Nolakoa izan zen irteera?

Hunkigarria. Denok daukagu momentu hori intentsitate handiz eta zentzu guztiekin bizitzeko gogoa, baina gero unea iristen denean hain da handia emozioa, kasik ahaztu egiten zaizula bizitzen ari zarena, edo ahaztu egiten zaizula zein pertsona hurbil besarkatzera iritsi zaren. Baina zoragarria izan zen momentu hori. Betiko nire bihotzean eramanen dut.

2009ko urriaren 13an atxilotu zintuzten, Bateragune auziko sarekadan. Zein oroitzapen dituzu?

Nik eta nire kideek bizi genuen poliziaren jazarpena izugarria zen. Urte eta erdi generaman kristoren jarraipenarekin, eta kontziente ginen Espainiako Gobernuaren, Barne ministroaren eta segur aski Estatuko beste botere batzuen aldetik operazio bat zegoela gure jarraipena egiteko. Argi genuen oztopatu nahi zutela eskuartean genuen ezker abertzalearen estrategiaren inguruko hausnarketa. Eta erabili zitzaketela zeuzkaten bitarteko guztiak. Horien artean gu atxilotzeko aukera zegoela bagenuen gure buruetan. Eta gertatu zenean, operazio horren barruan kokatu genuen. Ezker abertzalea egiten ari zen hausnarketa eta apustua geldiarazteko saiakera bat izan zen.

Auzitegi Nazionaleko epaiketan ETAren aginduetara ari zinetela esan zuten.

Hor kontraesana nabaria izan zen gure atxiloketaren lehen unetik bertatik. Guk egin genuena izan zen hitza jarri ezker abertzalearen eta herri sektore zabaletan zegoen eztabaida bati. Euskal Herriaren etorkizun libre bat eraikitzeko ordura arteko bideek blokeoa eragin zutela, eta zein zen Euskal Herria askatasunerantz eta beste eredu sozial baterantz eramateko estrategiarik eraginkorrena. Argi genuen konfrontazioaren parametroak aldatu behar genituela, Euskal Herrian bertan gehiengoak artikulatuz eta mugituz nazioarteko babesarekin aurrera eginen genuela. Apustua egin genuen, eta argi geratu zen ezker abertzalearen sektore ezberdinetan ezberdin ikustera iritsi ginela, eta gure apustua guztiz politikoa zela eta ez zegoela inoren gidaritzapean.

Segurtasun indarren perituetako batek epaiketan esan zuen ETAren gidoiaren aurka ari zinetela. Hala al zen?

Ezker abertzalearen baitan eztabaida zegoen. Eta eztabaida horretan sektore batzuek planteatzen zuten ordura arteko bideari eutsi behar zitzaiola, eta baginen beste sektore batzuk planteatzen genuenak etorkizunari eta ezker abertzalearen estrategiari beste zentzu bat eman behar zitzaiola. Eta garden gelditu zen bai gure epaiketan eta bai lehenago, eztabaida hori mahai gainean zegoela. Eta gure helburua zein zen? Eztabaida hori ezker abertzale guztiak batera irekitzea eta ezker abertzale guztiak batera hori konpontzea. Eta hori ez da inoren agindupean egotea ezta aurre ezarritako gidoi bati men egitea.

 

“Eragile politikoak eta orokorrean erakundeak mugituko baldin badira, prozesu herritar baten bidez izango da”

 

Zure kide Arkaitz Rodriguezek dio aldebakarreko bidean aurrera egiteko unea dela. Ados?

Giltza Kataluniak erakutsi duen kontu batean dago: herritarrek hartu behar dute, edo dugu, gure eskuetan, Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko zeregina. Kataluniak demostratu du eragile politikoak eta orokorrean erakundeak mugituko baldin badira, prozesu herritar baten bidez izango dela eta hori izango dela bidea markatuko duena. Hartu dezagun eredu horretatik hoberena, itzuli dezagun Euskal Herriko testuingurura, eta utzi diezaiogun Estatuari begiratzeari, gure etorkizunaren jabe gu geu egin gaitezen.

Eta presoak?

Gai hori bereziki sentibera da, eta atera berri garenoi bihotza erdibitzen digu. Estatuak du espetxeen sarraila, eta uste du hori edukita posible duela herri honek askatasunerantz egin dezakeen bidea oztopatzea. Eta guk esaten dugu Estatuak sarraila horiek noizbait irekiko baditu izanen dela ulertzen duenean Euskal Herriak bere askatasunaren bidea ez duela geldituko baizik eta indartzen segituko duela, berak ez duela askapen prozesu horren giltza. Eta seguru asko hori da ere modurik eraginkorrena presoak gurera ekartzen hasteko.

Zentzu horretan ere Kataluniarekin alderatuta eta beste herri prozesu batzuekin alderatuta, jende askok jartzen du aitzakia bezala, edo blokeorako arrazoi bezala, pilatutako sufrimendua. Jende horrek dio harriz betetako motxila bat dela gu guztiontzako, nekea eragiten duela, horrek denak oztopatzen duela, nolabait eten egiten duela aurrera egiteko bidea. Guk nabarmentzen duguna da min hori, zauri ireki horiek guztiak, ixten joan behar dugun hori guztia ez dela sekula oztopo bat izan behar baizik eta akuilu bat askatasunaren bidean aurrera egiteko. Bere garaian Sartrek esan zuen garrantzitsuena ez dela zer egiten diguten baizik eta guk zer egiten dugun egin digutenarekin.

 

“Estatuak [presoen] sarraila noizbait irekiko badu izanen da ulertzen duenean Euskal Herriak bere askatasunaren bidea ez duela geldituko”

 

Eta beste aldekoei egindako minarekin, zer egin behar da?

Aitortzarako momentua da. Euskal Herrian denok sufritu dugu. Zauriak kasu batzuetan irekita daude. Baina Euskal Herriak erakutsi du gizarte heldu bat dela. Eta Euskal Herrian bada heldutasun nahikorik zauri horiek guztiak ixteko eta akuilu izatek etorkizun berri bat eraikitzeko. Agian aurrera egiteko zailtasun gehiago ikusten dut Euskal Herritik kanpo, sektore batzuk min horren erabilpena nola egiten duten ikusita, hemen baino. Hemen badaude baldintzak, errekonozimendu mutuo bat egiteko, eta zauri horiek guztiak akuilu bihur daitezen.

Nazioarteko Harremanetarako taldeak dio prozesua une kritikoan dagoela. Zuk zer diozu?

Aldebakartasunaren hausnarketari helduko nioke nik. Badira gauza asko nahi eta nahi ez estatuekin hitz egin beharko direnak, konponduko badira: presoen auzia eta beste batzuk. Baina une kritiko hori egin behar dugun lanari lotzen diot, Euskal Herritik bertatik askapenerako bidea egiten segitzeari. Eta horrek seguru asko ekarriko du desblokeorako beharrezkoa den ateak irekitzeko gaitasuna berreskuratzea. Nazioarteko talde horrek bere analisi hori planteatzen zuenean, krisiaz hitz egiten zuenean, esaten zuen ere zein funtsezkoa zen Euskal Herriko eragile nagusien artean elkarrizketa berrartzea eta herritarrek bakearen aldeko beren aldarrikapena zabaltzea, protagonismoa jendeak beregain hartzea. Desblokeorako gako nagusia hemen dago. Guk hartu behar dugu adarretatik.

Abenduaren 20an, Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeak. Aldaketa batek gauzak erraztuko lituzke?

Estatuan aldaketak izatea ez datorkigu gaizki geure burua ezkertiar eta abertzaletzat izan dezakegun guztiontzat, bereziki ondorio bezala baldin badakar kultura demokratiko berri bat hedatzea Estatuan. Hori begi onez ikusiko genuke, baina berdinera itzuliko naiz: giltza beti Euskal Herrian egongo da, bai bakea lortzeari begira eta bai askatasunerako bidea ereiteari begira, Madrilen seguru asko ez baitira ateak erabat zabalduko baldin eta guk, bakoitzak bere lekutik, zabaltzen ez baditugu.

 

“Ezker abertzalea bere burua aldatuz Euskal Herria aldatzeko gaitasuna erakusten ari da”

 

Sei urtean gauza asko aldatu dira euskal politikan: Sortu legeztatu dute, EH Bildu sortu da. Nola dakusazu ezker abertzalea?

Baldintza sozial eta politikoak pilo bat hobetu dira. Eta baieztatzen duguna da duela sei urte ezker abertzaleak egindako apustuak bere ondorioak ekarri dituela. Guk esaten genuen “goazen ezker abertzalea aldatzera Euskal Herria aldatu ahal izateko”. Eta gaur da eguna baieztatu dezakeguna ezker abertzalea bere burua aldatuta Euskal Herria aldatzeko gaitasuna erakusten ari dela. Horren erakusle da indar harremanak eraberritu direla bai Nafarroan, bai Iruñean, bai oro har Euskal Herrian, proiektu sozialistago bat eta independentista bat  indartzeko, eta gehiengo oso bat antolatzeko gaitasuna dugula.

EH Bildu hasi da zenbait erakunde gobernatzen. Nola ikusten dituzu esperientzia horiek?

Hasteko, urrutitik, oraindik lurreratze prozesuan bainago. Iruñean eta Nafarroan gauza oso txiki baina oso sinbolikoetatik hasi gara, eta irudipena dut aro berriaren sinbolo txikiak ere badirela. Sanferminetan Txupinazoan ikurrina ikusi ahal izatea normaltasun osoz kristoren aurrerapauso sinbolikoa da; alde batetik, baieztatzen duelako Nafarroan dauden identitate ezberdinak toki parekoa izateko bidean direla; eta beste alde batetik, erakusten duelako zenbait aldaketa zein normaltasunarekin, naturaltasunarekin eta alaitasunarekin egin daitezkeen. Duela lau urte ikurrina sakrilegio bat zela ematen zuen. Baten bat espetxean dago horregatik.

 

“Nafarroan badago sentimendu orokor bat, ongizate komun bat eraiki behar dugula"

 

Aldaketa lau indarren eskutik iritsi da. Ardatza ez da izan orain artekoa: konstituzionalistak versus abertzaleak. Badirudi ardatz sozial bat sortu dela: erregimen zaharra versus aldaketa. Nola ikusten duzu aldaketa hori?

Nik ikusten dut sinpleki erregimena mantendu duten sektoreen irudia zaharkitua dela, españolista, beste garai batekoa. Eta, aldiz, aldaketa bultzatu duten sektore guztien batuketak ematen duen irudia eta zabaltzen duen mezua da aurrerakoia, euskalduna, ekologista, feminista, etorkizuneko belaunaldi eta proiektu bati lotutako bidea. Badago sentimendu orokor bat, ongizate komun bat eraiki behar dugula, eta bide horretan sektore aurrerakoi eta abertzale guztiek bat egiten dute.

Zer iruditu zitzaizun Imanol Haranbururen kargugabetzea?

Gaizki. Uste dut tinkoagoak eta irmoagoak izan beharko liratekeela pertsona hori izendatu zutenak, ulertzen dudalako izendapen horrek erantzuten ziola gaitasun profesional bati, gauzak ongi egiteko gaitasun bati. Pertsona hori kargu horretatik kentzea bere egunean ilegalizazioarekin martxan jarri zen apartheid politika mantentzeko beste modu bat da.

Zu ez zaude inhabilitaturik, ezta?

Bai. Sententzian jasotzen zen inhabilitazioa espetxe zigorra baino luzeagoa izanen zela, baina arazo tekniko batengatik inhabilitazio hori ez dago martxan. Eta eskubide zibil eta politiko guztiak eskuan ditut.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!