Greba etenda, udako ordutegia hasi dute gaur billabesek

Maialen Huarte Arano 2025ko uzt. 15a, 07:43

Billabesetako langileen artean bozketa egin ostean hartu dute erabakia: iraila arte greba bertan behera utziko dute eta egoerak bere horretan segitzen badu ikasturte berriarekin batera berrekinen diete mobilizazioei "are indar handiagoz". Atzo batzartu zen lan taldea eta gehiengoz erabaki hori hartu zuten. Udako ordutegian hasi dute gaur eguna. 

Bertan behera utzi dute hiri garraio publikoko gidariek, billabesetakoek, uztailaren 2an abiatu zuten greba mugagabea. Atzo asanbladan bildu zituen lan batzordeak langileak eta botazio bidez erabaki hori hartu zen, gehiengoz: greba momentuz eten eta irailean, gauzak aldatu ezean, mobilizazioekin segitzea izanen dute jomuga. "Indar handiagoarekin" itzuliko dira langileak mobilizazioetara TCC Moventis enpresak ez badu negoziazioan aurrera egiten eta lan baldintza duinak izateko eskaintza ez badu onartzen. Iruñerriko Mankomunitateari ere jarrera aldatzeko eskatu diote: "enpresaren alboan izan da hilabeteotan". Iruñerriko Mankomunitateko presidente David Campionek esan du, grebarako eskubidea "errespetatzen" dutela, baina poztu egiten direla langileek atzoko asanbladan hartutako erabakiarengatik. Enpresari eta langileei dei egin die jar dezatela indarra egoera desblokeatzeko eta Mankomunitateak berak ere horixe eginen duela, behar bada bien artean bitartekaritza lana eginez. 

Atzoko botazioan gehiengoak egin zuen greba oraingoz gelditzearen alde: 238 boto; 65 izan ziren grebarekin segitzearen aldekoak.  LAB sindikatua bakarrik geratu da grebarekin segitzeko asmoa adierazterakoan (UGTk du gehiengoa lan batzordean 6 ordezkarirekin, Comisiones Obrerasek 4 ditu, hiru ELAk, bi LABek eta bi ATTUk). Hala ere, euren borrokak aurrera segitzen duela ikusarazten segituko dute kalean langileek. Uztailaren 24an elkarretaratzea eginen dute Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzaren parean 10:00etan: "Lan baldintza duinen alde mobilizatzen segituko dugu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzearen alde", adierazi dute langileek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!