SANFERMINAK 2025

Billabesaren entzierroarekin amaitu dira 2025eko sanferminak

Euskalerria Irratia 2025ko uzt. 15a, 09:36

Hamaika gaupasero eta parradanzalek jai giroko entzierroa egin dute. Zezenik ez, ezta billabesarik ere karriketan, baina Indurain gogotsuaren aurrean egin dute korrika gazteek.

Txuriz jantzita eta oraindik zapia lepoan zuten kuadrilak kalez kale zirela esnatu da uztailaren 15a Iruñean. Segizio gaupaseroan gerturatu dira guztiak Santo Domingo karrikako aldapara. Peña baten pankartak eta txaranga baten aztarnek jarri dute giroa, apenas bi tronpetekin nahikoa delako parranda luzatzeko. Santo Domingon kantuak gaur ez dira figura edo ikur bati zuzenduak izan, hezur haragizko San Fermin bati baino, parrandazaleen patroia. Zortziak eta minutu batean suziriak iragarri du bazetorrela Indurain. “Ezpata” bizikletaren gainean eta maillot horia jantzita, txirrindulariak igo du aldapa gaupaseroekin topo egin arte. Masifikazioa ere heldu da uztailaren hamabosteko lasterketara eta tropelak mantxo mantxo egin ditu lehen metroak. “Indurain, Indurain” 90. Hamarkadako lehen urteetako uztaileko kantua bizirik mantentzen da sanferminetan eta Atarrabiako erraldoia Tourrean lehian ikusi ez duten arren, jaioak ez zirelako gehienak, gazteek gaupasaren ikur bezala hartu dute Indurain handia animatzeko oihua. Estafetako bihurgunean, taldeak talka egin du paretaren kontra eta montoi txikia sortu da bertan. Hori izan da gaurko entzierroak utzi digun tentsio une bakarra. Zorte onez ez da zauritu larriegirik izan, baten batek buruko min piska bat izanen du agian bihar esnatzerakoan, baina ez du ematen entzierroak eraginda izanen denik. Zezen plazaraino heldu da entzierro bitxia eta gero bakoitzak bere bidea hartu du, batzuk atseden hartzera beste batzuk festa pittin bat nola luzatu bilatzera.

Gaurko lasterketak ez ditu zezenak heriotzera eraman, baizik eta parrandazaleak etxerako eta oherako bidean jarri ditu. Gaur ez da odol festa batekin amaituko tradizioa, kantu dantza eta baita bestondo pittin batekin baliteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!